Sisha Pangma 8.027 metro dituan mendiaren tontorrera igon eta Unai Elorriagaren SPrako tranbia liburuaren azkenengo kapitulua irakurri eban Juanra Madariaga idazle eta mendizaleak 2011ko maiatzean. Behe kanpalekuan idatzitakoak batu ditu eSPedizioa. Mendi ororen pisua (Txalaparta) liburuan, mendiaren inguruko gogoetak, alpinista handien ganeko kontuak, edur artean desagertutako lagunak, bakardadea eta beste hamaika kontu.
George Malloryyk Virginia Woolfen Bidaiaren amaiera eroan eban Everestera, 1924an; eta, Fritz Luchsingerrek, Rainer Maria Rilkeren Duiniar elegiak, 1983ean. Juanra Madariagak be 2011ko espedizinoa atontzen ebilela, ze liburu eroan erabagi behar eban, eta Elorriagarena aukeratu eban.
Bidaia liburuak gustau ez arren, Juanra Madariagaren liburuak lehenengo irakurraldia harrapatu ebala onartu dau Mikel Soto Txalapartako editoreak. Mendizaletasunaren atzean benetan zer dagoan erakusten dau lan honek, ze gogorra dan. Eta ganera mendizaleek literatureagaz daukien harremana erakutsi deust, ganeratu dau.
Unai Elorriaga SPrako tranbia liburuaren egilea be aurkezpenean izan da. Madariaga bueltan zala jakin eban bere liburua SPko, Sisha Pangmako, puntan izan zala. Ames moduko bat izan zan. Nik oso modu teorikoan egin neban gauza bat, nik mendiaz asko jakin barik, mendi horretako tontorrera heldu zan. Emozionatuta nengoen, gogoratu dau. Madariaga poetea dala igarri egiten da, Elorriagaren ustez. Badagoz perla batzuk testuan, ikusten da Juanra poetea dala, esan dau.
Hasiera-hasieratik euki eban proiektua buruan Madariagak, halanda ze, liburuan aparte, argazki makinea eroan eban, eta tranbia txiki bat be bai, grabazino batzuk egiteko. Beheko kanpalekuan idatzitako gogoetek osotzen dabe liburua, hango bakardadean sentidutakoak. Mendia desmitifikatu gura izan dau, han kristorenak pasetan doguz. Bueltan, etxean zala, idatzitakoak harriduraz irakurri izan ditu. Batzutan ez dot gogoratzen noiz idatzi dodazen be ez, edo zergatik. Han idatzitakoari errespetua handia deutsot, bere balorea dauka, horregaitik gauza giotxi aldatu dodaz, azaldu dau egileak dira.
Etxean edo 6.800 metrora dagoan kanpalekuak sano desbardin idazten da, idatzitakoak beste pisu eta neurri bat dauka.
Eguenean liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko dau Unai Elorriaga idazlea eta Juanjo San Sebastian mendizaleagaz batera, Bilboko Bidebarrietan, 19:00etan.