Gaur hasiko da 68. Cannesko Zinema Jaialdia, lehiaz kanpo erakutsiko daben 'La tête haute' filmagaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 13a, 00:00

Ingrid Bergman aktore suediarraren jaiotzearen 100. urteurrena beteko da aurten eta haren omenez, Cannesko 68. Zinema Jaialdiaren kartel ofizialean Bergamnen irudia agiri da. Era berean, zinematografoaren 120. urteurrena be gogoratuko da aurten eta azpimarratzekoa da Sail Ofizialean, epaimahaiburu izango dirala Coen anaiak.

Gaurtik hilaren 24ra bitartean, hemeretzi zinemagileren lanak erakutsiko ditue Sail Ofizialean, besteak beste, Nanni Moretti, Jacques Audiard, Hirokazu Kore-Eda, Paolo Sorrentino, Gus Van Sant eta Todd Haynesek euren filmarik barrienak aurkeztuko ditue Urrezko Palma irabazteko lehian. Film frantziar batek zabalduko dau gaur jaialdia, Emmanuelle Bercot zinemagilearen La tête haute izenekoak, eta herrialde bereko beste lan batek, Luc Jacqueten La glace et le cielek emongo deutso amaierea, hilaren 24an.

Zinemagile frantsesak dira nagusi Sail Ofizialean: Audiardek Dheepan filma aurkeztuko dau; Guillaume Niclouxe Valley of Love lanagaz lehiatuko da; Maiwennek Mon roi aurkeztuko dau; Valerie Donzellik Marguerite & Julien; eta Stephane Brizek La loi du marché.

Italiatik heldutako hiru film be izango dira Sail Ofizialean: Paolo Sorrentinoren Youth, besteak beste, Michael Cane, Harvey Keitel, Rachel Weisz, Paul Dano eta Jane Fonda aktore dituana; Il racconto dei racconti Matteo Garronena; eta Nanni Morettiren Mia madre.

Ganerakoan, deigarrien artean, Hirokazu Kore-Eda japoniarrak Umimachi Diary (Our Little Sister) filma ekarriko dau Cannesera. Todd Hayne, hamazazpi urtez festibalean lehiatu barik egon ostean, Carol filmagaz etorriko da aurten. Eta Michel Franco mexikarra, barriz, Chronic pelikuleagaz lehenengo aldiz lehiatuko da Cannesen.

Azken buruan, bere ibilbide osoaren autorpen lez, Agnes Varda zuzendari, produktore eta aktore frantsesari Ohorezko Urrezko Palma emongo deutsie hilaren 24an, amaiera ekitaldian. Sari hori jasoten dauen lehen emakumea izango da.

Osorik irakurri