Galdakaoko IV. Oroimenaren Astea, orain 78 urte jazotakoak gogoratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 14a, 00:00

Burdin Hesia bertatik bertara ezagutzeko ibilaldiek eta berbaldi bik osotuko dabe aurtengo Galdakao Gogora alkarteak antolatutako IV. Oroimenaren Astea, maiatzaren 17tik 23ra bitartean. Jarduera guzti-guztiak debalde izango dira. Lehenengo hitzordua domekan da, 9:00etan, Bekea auzoko eta inguruko lubaki eta bunkerrak ikusteko.

1937ko udaberria benetan gogorra izan zan Bizkaian, tropa faxistek hainbat herri bonbardeau zituen, tartean, Galdakao. 78 urte pasau dira, baina ez dogu ahaztu, eta ez dogu ahaztu gura bere, dinoe Galdakao Gogora oroimena berreskuratzeko alkarteko arduradunek. Maiatzaren 19an izan zan bonbardaketarik gogorrena Galdakaon, hogei lagunetik gora hil ziran Plazakoetxen. Dana dala, bai apirilean, bai bagilean bonbardaketa gehiago izan ziran.

Horregaitik, aurten be, Galdakao Gogora alkarteak, Galdakaoko Udalaren laguntza eta babesagaz, IV. Oroimenaren Astea egitarau kulturala antolatu dau. Maiatzaren 17an, domekea, eta 23an, zapatua, Galdakaon dagozan Burdin Hesia eraikuntzearen aztarnak ikusteko bisita gidatuak egingo ditue. Egun bietan hitzordua 9:00etan izango da, Udaletxe aurrean.

Hilaren 17an, Bekelarre auzoa eta inguruan dagozan Burdin Hesiaren hondarrak bisitauko ditue, Galdakao Gogora alkarteko kideak gidari dirala. Maitzaren 23an, Altamira eta Olabarri auzoetako aztarnak aztertzeko aukerea izango da. Lubakiak, bunkerrak, metrailadore-habiak eta babeslekuak ikusiko ditue osteratxu honeetan.

Maitzaren 19an, 12:00etan, Galdakaoko Udalak ekitaldi instituzionala egingo dau Plazakoetxen, Galdakaon izandako bonbardaketako biktimak gogoratzeko. Egun berean, Oroimenaren Asteko lehenengo berbaldia egingo da, Gandasegiko eskolan. Lourdes Herrasti izango da hizlaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Saileko kidea. Mujer. Guerra y represión berbaldia eskainiko dau, emakumeek 1936ko gerra zelan bizi izan eben azaltzeko. Emakumeek gerran bizitakoak gitxitan izaten dira berbagai eta aztergai; hutsune hori beteten lagunduko dau Herrastik.

Maiatzaren  21ean, eguena, Jose Ariztimuño Aitzol idazle eta kazetariaren bizitzea eta lana azaltzen dauen Aitzol, Euskal Pizkundearen heriotza dokumentala proiektauko da. Ostean, Juantxo Agirrek,  Aranzadi Zientzi Elkarteko Arkeologia Saileko kideak, Aitzolek euskal kulturan izandako garrantzia eta eraginaz jardungo dau. Berbaldi biak Gandasegi ikastetxeko Areto Nagusian egingo dira, 19:30ean.





VI. Galdakaoko Oroimenaren Astea
2015eko maiatzaren 17tik 23ra

Maiatzak  17, domekea
9:00etan, Galdakaoko Udaletxe aurrean
Galdakaoko Burdin Hesia ezagutzeko bisita gidatua. Bekelarre auzoan eta inguruan dauden aztarnak  bisitatuko ditugu. Ganguren Mendi taldearen laguntzagaz.

Maiatzak 19, martitzena
19:30ean, Gandasegi  ikastetxean.
Mujer. Guerra y represión berbaldia emongo dau Lourdes Herrasti Aranzadi Zientzi Elkarteko Antropologia Saileko kideak (gaztelaniaz).

Maiatzak 21, eguena
19:30ean, Gandasegi ikastetxean
Aitzol, Euskal Pizkundearen heriotza dokumentala proiektauko da. Ostean, Jose Ariztimuo Aitzol zenari buruzko berbaldia eskainiko dau Juantxo Agirre  Aranzadi Zientzi Elkarteko Arkeologia Saileko kideak. (euskeraz). 

Maiatzak 23, zapatua
9:00etan, Galdakaoko Udaletxe aurrean
Galdakaoko Burdin Hesia ezagutzeko bisita gidatua, Galdakao Gogora elkarteko kideekaz. Altamira, Olabarri auzoan eta inguruan dagozan aztarnak bisitauko doguz.

 

Osorik irakurri