Txina harri-kartoizko postal bihurtu da (II)

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 15a, 00:00

Kashgarreko eraikuntza barrietan jatorrizko fatxada okre eta bestelako osogaiei eusten deutsie. Izan be, eraikuntza horreetako batzuetan jatorrizko burdineria ikus daiteke ate, lehio eta balkoietan. Urruneko intxaurrak hamalau hurreratu eta lau, esaera zaharrak dakarrenez, kasu honetan be holan da, hurreratu ezkero, argi ikusten dalako kontratautako beharginak ez dirala artisauak eta alboan dituen hormigoi-makinek be irudi eskasa emoten dabe, alde zaharra berreragiteko proiektua bidezkotzeko Gobernuak adierazoten dauen zehaztasun historikoa indarrik barik itxita. Kale barriek zaharren antz gitxi daukie baina zorionez, Donghu lakuaren ondoan badago lagin txiki bat. Han, Arzuk, abizena emon gura ez dauen bertako herritar batek, ez dau pezozko etxebizitzatik alde egin gura. 'Txinatarrek parke tematikoa egin gura dabe hemen, herrialdeko uri zahar guztietan eregi dituenen antzekoa, turistei sarrerea eskatu eta negozioa egiteko. Baina ez dot gura nire aurreko guztiak bizi izan diran lekua souvenir dendez betetea eta bertoko herritarrek hemendik alde egin behar izatea. Hau gure kulturearen adibiderik onena da eta birrindu beharrean babestu egin beharko litzateke'.

Ez da holan pentsetan dauen bakarra. Txinatik kanpo Gobernuaren planak kritika gogorrak jaso ditu. Berbarako, Herrialde Mehatxatuen Alkartea aholku eta informazino eske joan da aditu batzuengana eta horreen eretxia da Gobernuak emondako arrazoi teknikoak duda-mudakoak dirala. 'Kashgarren makinatxu bat lurrikara izan da mendeetan zehar, azkena 2004an, eta alde zaharreko eraikin bat bera be ez da jausi sekula. Horrezaz gan, adreiluzko etxeetan ez bezela, pezoari esker etxebizitzak fresko mantentzen dira udan eta bero, barriz, neguan' adierazo dau GKEren txostenean Wu Dianting, Pekineko Unibersidadeko Geografia irakasleak.

Baina arrazoibidea ez da hor amaitzen. Herritarren eretxiz, lurrikara eta suteei aurre egiteko diseinautakoak izan arren, eraikuntza barriak zaharrak baino arriskutsuagoak dira. 'Jente asko kexu da eraikuntzetan huts nabarmenak dagozalako eta batzuen ustez, kalidade esakseko materialak erabilten ditue. Sichuanen, orain zazpi bat urte 80.000tik gora hildako eragin zituan lurrikaran ikusi zan. Ustelkeriaren eraginez, material batzuen ordez kalidade eskasagokoak jarri eta dirua ostutearen ondorioz, makinatxu bat eskola eta etxe birrindu ziran' gogorarazo dau Arzuk buztinezko basija bat lantzen dagoan bitartean. 'Harri-kartoizko postal bat egingo dabe hemen turistek argazkiak egin deiezan, izan be, Gobernuak urtero miloe eta erdi turista erakarri gura ditu'.

Turistak badatoz etorri, geldiro-geldiro baino ez bada be. Berreraikuntza proiektua ez da amaituko 2017. urtera arte baina uri zaharra bisitetako 30 yuaneko (4,6 euro) sarrerea erosteko txartel-leihatilea sutan dago honezkero. 'Oso exotikoa da' dino Jiangsu probintziako turista batek, 'Baina ez dau oso zaharra emoten' gehitu dau. Duda barik, iruzurrik ez dago, jakitun dagoz danak eta China Daily egunkariari uriko etxeen birgaitze plangintzearen arduradunak, Shi Shixiong autortu eutsonez, 'eraikuntzak oso erraz altzetan dira baina sano gatxa da denporeak itxi dauen arrastoa berregitea'. Laster arrasto edo aztarna hori betiko galduko da Kashgarren.

Zoritxarrez, benetako uri zahar gitxi dago txinan. Turismoa erakarteko upealako publizidade kanpainakaz lagundutako uriak be ez dira benetako uri zahar. Ekialdeko kostako Wuzhenetik barrualdeko Fenghuangera, 5.000 urtetik gorako historiaz harro azaltzen dan herrialdea harri-kartoizko postala baino ez da hormigoizko egiturearen gainean dinastia zaharren forma eta koloreak imitau gura dituana. 'Jatorrizko etxebizitzetan bizi ginanoi uri barriko etxebizitza bloke barrietara eroan gintuen dendak eta ostatuak eregi ahal izateko' dino Fenghuangeko gizon batek, jantzi komunista berdeak edota inperio zaharreko erropen erreplikak jantzita argazkiak ateratzen dituen milaka turisten topagunetzat hartutako errekea garbitzeko arduradunak.

'Arazoa da biegaitze lanik ez dala egiten oso karua dalako: errazagoa eta merkeagoa da dagozan eraikinak birrindu eta barriak egin, egungo beharrizan komertzialakaz bat eginik' kritikau dau Wu Xiongek, Jiaotongeko Unibersidadeko Arkitektura irakasleak. 'Gobernuek beti esaten dabe berreraikuntzea ahalik eta lotuena dagoala jatorrizkoagaz baina aire egokituen kutxatatik dingilizka ikusten diran kable eta enparauek beste irudi bat emoten dabe. Tristea da baina Txinak legatu historikoa hankaz gora jaurti dau dirua irabazteko atxakiagaz. Damutuko gara baina hauxe da errealidadea'.
 

Osorik irakurri