Maiatzaren 21etik 24ra egingo da kaleko artisten topaleku bihurtu dan azokea. Aurtengo ekitaldian, 17 euskal konpainia egongo dira Leioan eta 12 obra estreinauko ditue. Jantzea, zirkua, antzerkia eta diziplina anitzeko ikuskizunak dagoz tartean. Antolatzaileek azpimarratu dabenez, Leioako Umore Azokea plaza garrantzitsu bihurtu da bertoko zein kanpoko taldeek euren lanak ezagutarazo eta sektoreko programatzaileei erakusteko.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordeak azaldu dauenez, Leioako Umore Azokea kaleko arteen topaketa bat baino gehiago da, merkadua be bada. Holan, konpainiek euren produkzinoak erakutsi leikeez sektoreko profesionalen aurrean, eta obra barrien zabalkundean laguntzen jakie. Estreinaldiakaz antolatzaileek arriskua hartzen dabe, baina ikusleentzat erakargarritasun handiagoa dauka, ganeratu dau Muñozek. Leioan antzerki konpainiei euren ibilbide profesionalean laguntzen jakiela gogoratu eragin dau sailburuordeak. Ana Lopez azokako zuzendaria bat etorri da: Babesa emon behar jakie artistei, guk plaza on bat eskaintzen deutsiegu.
Bertoko konpainiak batez be gogoan izaten ditue Leioako Umore Azokan. Aurten, guztira 50 konpainia egongo dira eta horreetatik 17 Euskal Herrikoak izango dira. Igaz baino lau gehiago, beraz. Kalidadezko sortzaileak daukaguzala erakusten dau horrek, nabarmendu dau Ana Lopezek. Ganera, diziplina eta estilo guztietako konpainiek osotuten dabe euskal ordezkaritzea. Zazpi jantza ikuskizun, sei antzezlan, zirkuko hiru eta diziplina anitzeko beste bat egongo dira.
Era berean, aitatzekoa da Euskal Herriko konpainia gehienek, hamabik hain zuzen be, estreinaldiak eroango dituela Leioara. Cielo Raso, Hiriko, Dantzaz, Dikhotomia, Ekoma, Ertza, Gaitzerdi, La Pez, Muyuyay, Pez Limbo, Rouge Elea eta Zirkozaurre izango dira euren obra barria lehenengoz Umore Azokan aurkezten. Ganera, antolatzaileek ziurtau dabe estreinaldiak izan barik, lan nahiko barriak eroango dituela Kukai, Hortzmuga, Etorkizuna eta Markeliñe taldeek. Amaitzeko, Leire Mesa jantzariaren proiektu barria be ezin da ahaztu. Suedian bizi da gaur egun eta Twisting the balance izeneko egitasmo esperimentala atontzen dabil. Leioan horren aurrerapena ikusi ahal izango da.
Konpainietako ordezkariek estreinaldi batzuen barri emon dabe gaur, Bilbon egindako agerraldian. Esate baterako, Igor Calonge jantzariak Cielo Raso konpainiaren Bruto ikuskizun barriaz egin dau berba: Biren artean egiten dogu ikuskizun hau, gorputzaren mugetan arakatzen dogu. Gaitzeri Teatrok, ostera, Out izeneko lanagaz, ohiko formatua aldatu dau, Rosa Abal taldekideak azaldu dauenez: Produkzinoa murriztu dogu, kalidadeari eutsita. Lehen Mundu Gerreari buruzko obrea da, umore garratzaren bidez, gerren gogortasuna adierazo nahi dogu. Bestalde, Guillermo Royok Hortzmugaren lan barria aurkeztu dau, Nola izenekoa: Gogoetarako bidea zabaldu nahi dogu beti eta, oraingoan, amesen munduan sartu nahi doguz ikusleak, antzerki sensorialaren bidez.
Kale antzerkiagaz lotuta, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza sail barria aurkeztu dau gaur. Kale Antzerkia bultzatuz deialdia, bagilaren 8ra arte egongo da zabalik eta 75.000 euro banatuko ditu. Aire zabaleko eremu publikoetan euskal konpainiek egiten dituen arte eszenikoen ikuskizunen programak babesteko helburuagaz atera dabe dirulaguntzea. Udalek eta erakunde publikoek eskatu leikee laguntzea. 2014an, egitasmo horri esker, 33 udal eta erakundek jaso eben babesa eta 92 ikuskizun antolatu ziran.