FANT fantasiazko zinema jaialdiaren epaimahaiak In orden of disappearence pelikulea aukeratu dau, thrilerraren mundua eremu irrealera eroategaitik, umore baltz dosi handiekaz. Aina Clotet eta Dominique Pinon aktoreek eta Carlos Marañon zinema-kazetariak osotu dabe 21. ediziniko epaimahaia. Euskal film labur onenari saria Viaje a pies Khris Cemberen beharrarentzat izan da. Gaur bertan, Bilbon, BBK Salan egingo dabe sari-emotea, 20:00etan.
Epaimahaiko kideez aparte, Iñaki Lopez de Agileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria izan da palmaresa iragarteko prentsaurrekoan. Aurtengo edizinoagaz oso pozik dagozala nabarmendu dau, izan be jaialdia amaitu barik badago be, daborduko 8.000 lagun izan dira saioetan, igaz baino 500 gehiago. Genero zinemaldi baterako oso garrantzitsua da urtero-urtero ikusle gehiago izatea.
Bi-hiru pelikularen artean ezin erabagita ibili dira Aina Clotet, Dominique Pinon eta Carlos Marañon, baina azkenean hiruren gogoko izan dan In orden of disappearence aukeratu dabe. Danok konforme egon gara pelikula osoa dala hau, pelikula ona dala, adierazo dau Marañonek. Epaimahaikideren batek bata edo bestea gustukuagoa eban -ganeratu dau- baina honegaz hirurok ados egon gara. Hans Petter Moland norvegiarra da lan irabazlearen zuzendaria. Beste sari bi be irabazi ditu, Gidoi onenaren saria eta Zuzendaritza barritzailearen saria, hain zuzen be.
Film laburrik onena Marc Martinezen Caradecaballo izan da. Epaimahakideek azpimarratu dabenez, irudi oso indartsuetan oinarrituz, giro bildurgarria, eta aldi berean hurrekoa sortzea lortu dau. Khris Cemberen Viaje a pies aukeratu dabe Euskal film labur onena. Film labur ugari balorau behar izan ditu epaimahaiak, guztiz desbardinak euren artean, bai teknikeari jagokonez, bai luzeereari jagokoez, horregaitiak erespideak batzea ez da erraza izan, autortu dabenez. Animazinoan itzelezko mailea dago, asko poztu gaitu euskal film labur onena animazinozkoa izatea. Kalidade handiko lanak ikusi doguz, argitu dabe.
Sari gehiago be izan dira 21. Fant jaialdian. Ikus-entzuleen saria Nasso Vakalisen Dinner for Few lanarentzat izan da, berak jaso ditu-eta ikusleen boto gehien.
Gaur arrastian, 20:00etan, egingo dabe sari-banaketea, Bilboko BBK Salan. Ostean, Gonzalo Bendalaren Asesinos inocentes lanaren emonaldi berezia eskainiko dabe, izan be oraindino estreinau barik dago zinema-aretoetan. Bertan izango dira, ganera, zuzendariagaz batera, Maxi Iglesias, Aura Garrido, Luis Fernandez, Javier Fernandez eta Alvar Gordejuela aktoreak bere.