Sabin Bikandik eta Kukai taldeak Max sari bana jaso dabe

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 19a, 09:21

Kukairen Gelajauziak lanagaitik Ikuskizun eszenikorako musika-konposizinorik Onenaren Max saria emon deutsie Sabin Bikandiri (Galdakao, 1965), AIKO Taldeko jantza-maisuari. Bestalde, Kukai Dantza Konpainiak (Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya eta Urko Mitxelena) Jantza-interpreteen talde onenaren saria irabazi dau.

Aiko Taldearen fundatzaileak familia, Xabier Erkizia egilekidea, Jon Maia eta Kukai Dantza Konpainiako kideei eskerrak emon deutseez bere berbaldian. Tanbolin-joleak ez ditu ahaztu eta euren lana eskertu dau Bikandik.



Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa Elurretan ikuskizunerako musikea sortu dauen Iñaki Salvador, barriz, sari barik geratu da.

Beste alde batetik, Iñigo Guardaminok ez dau irabazi Ezustekorik Onenaren saria.

Ekitaldiak aldarrikapen kutsu nabaria izan dau, izan be sarien irabazleek kritika ugari egin deutsiez Espainiako Gobernuari, kulturearen arloko BEZa %21era igoteagaitik, etxebakotzeengaitik, emakumezkoen egoereagaitik eta memoria historikoagaitik.

Ganerako sariei jagokenez, Cuando deje de llover Julian Fuenez Rezaren lanak hiru irabazi ditu: ikuskizun onenarena, zuzendaritza onenarena eta taldeko emakumezko aktore onenarena (Susi Sanchez).

Bestalde, Rosa Maria Sarda kataluniar aktoreak Ohorezko Max Saria jaso dau.

Gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak Lluis Homar kataluniarrak (Terra baixa) eta Blanca Portillo madrildarrak (El testamento de Maria) jaso dabe.

Era berean, Autoretza onenaren saria Laila Ropollek eta Mariano Llorentek eskuratu dabe, El triangulo azul lanagaitik.

Sari-banaketea Bartzelonako Barts aretoan egin dabe bart.

Hauxe da Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiak (SGAE) Broadwayko (AEB) Tony, Erresuma Batuko Olivier eta Frantziako Molière sarien ereduari jarraituz eratutako sarien XVIII. edizinoa. Irabazleak lankideek eurek aukeratzen ditue, isilkako bi bozketaz osotutako prozesu baten bidez.

Finalistak 111 ikuskizunen artetik aukeratu dira, eta hautaketa hori Carlos Gil buru dauen epaimahai batek egin dau, Guillermo Heras, Joan Muñoz eta Liz Perales tarteko dirala, baita Madrilgo batzordeko presidentea –Salvador Enriquez–, Kataluniakoa –Mar Gomez– eta ganerako hamabost autonomia erkidegoetakoa –Susana Herreras– be.

 

[2015/05/12] Sabin Bikandi Max sarietako finalista da 'Gelajauziak' ikuskizuneko musikagatik