Miguel Salvadorrek 'Código' bere hirugarren diskoa aurkeztu dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 22a, 08:30

Gitarra-jole bilbotarrak zortzi kantako disko oso lasaia eta erraz entzutekoa kaleratu dau, Código, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Errabal zigilupean. Javier Alzola saxo-jolea, Hasier Oleagaz bateria eta Jon Piris kontrabaju-jolea izan ditu lagun proiektu barrian.

Zortzi kanta ditu diskoak, danak Miguel Salvadorrek konposautakoak. Ia danen atzean nire esperientzia personalak dagoz -azaldu dau aurkezpen prentsaurrekoan- momentu horreetan jazoten jatazanak dagoz oinarrian. Aurreko diskoa (Viaje a Etreum, Errabal) baino errazagoa ei da hau, soinu banda baten antza dauka batzuetan, eta free jazzarena beste batzuetan. Jazz garaikide modernoa da, Javier Alzolaren berbetan.

Egun bakar batean grabau eben diskoa, Urdulizko Tio Pete estudioan. Alzolagaz grabau gura eban Salvadorrek, baina harek Fitogaz hainbat konpromiso euki ditu eta gatxa izan da tarte bat topetea. Baina azkenean lortu genduan, eta oso pozik gagoz, adierazo dabe. Kanta bakotxa hiru bider jo eben, eta bakotxetik bersino onena gorde eben diskorako. Zuzeneko freskotasuna nahi genduan, goizean eta arrastian jo genduan. Jazza bada holan egin behar da.

Soinuzko pasaiak eregiten ditu lehenengo Salvadorrek, eta oinarri horren ganean sortzen dau ostean. Konposetako modu hori gustetan jakola autortu dau, eta zuzenekoetarako be gustura ibilten da holan.

Oraindino ez daukie zuzenekorik berbatuta, eta daborduko udagoienari begira dagoz. Udako jaialdi handietan ez dira egongo aurten, hori badakie. Hasi naz diskoa mobiduten -azaldu dau Salvadorrek- baina ez da bape erraza. Jaialdi handietan sartzea gatxa da, izar handiek errepetiduten dabe. Areto txikiz osotutako zirkuitu bat badago hemen, baina txikia da, ganeratu dau. Sarriago jotea gura leukie, jazzean joz hazten zara eta.

Maite dabe musikea, maite dabe jazz, eta horregaitik segiduten daben mundu horretan. Ez bajatzu gustetan itxi egiten dozu, hemen ez dozu dirurik egiten, esan dau Salvadorrek. Dirua beste leku batetik atera behar da. Baina guri hau gustetan jaku, eta hau behar dogu, amaitu dau Pirisek.
 

Osorik irakurri