Egun osoko jaia egingo dau Gerediagak bagilaren 7an, alkartearen 50. urteurrena ospatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 21a, 00:00

Topa Gerediaga izenagaz, bagilaren 7an ospatuko dau Gerediaga alkarteak 50. urteurrena. Abadiñoko Astola auzoan dagoan auzitegi-etxearen aurrean egingo dira ekitaldiak, eta bazkideez gan parte hartu nahi dauen guztientzat zabalik izango da jaia, adierazo dabe antolatzaileek.

Zaindu, ikertu eta zabaldu alkarteak dituan hiru helburu nagusiak ardatz hartuta, goizean honako hiru jarduera atondu ditue bagilaren 7ako goizerako. Arkeologoa egun batez  6-12 urte arteko umeei zuzendutako tailerra egingo dabe, Bilboko Arkeologia Museoagaz alkarlanean. Arkeologoen lanaren zati garrantzitsua zelangoa dan ezagutuko dabe gaztetxuek. 10:30ean hasiko da lantegia.

Zer da lehentasunezkoa? berbaldia be ordu berean izango da, Astola auzitegi etxeko batzar gelan. Oroimena, folklorea, ondarea, historia, arkitekturea eta euskerea arloetan Durangaldean momentuan zer dan lehentasunezkoa erantzuten ahaleginduko dira Gerediagagaz harreman estua izan daben profesionalek, dinoe ekimenaren arduradunek. Iñaki Goiogana, Iñaki Irigoien, Dona Gil, Armando Llamosas, Alberto Santana eta Jose Luis Lizundia izango dira hizlariak. Bakotxak bost minutuko tartea eukiko dau galdereari erantzuteko, eta amaieran hizlarien eta bertaratutakoen arteko eztabaidarako abiapuntu izango dira esanekoak.

Photowalk
Durangaldeko argazkizaleak alkartzeko ekintzea da. Ondareari argazkiak aterateko atxakiagaz batuko dira. Maila guztietako argazkizaleak batzea da helburua, eta ondareari argazkiak eginda, esperientzia alkartrukatzea. Txelu Angoitia izango da arduraduna. Izena emoteko: gerediaga@gerediaga.eus, maiatzaren 31 orduko. Ibilbidea Durangoko Andra Mari eleizpean hasiko da eta Astola auzoan amaitu.

Ospakizun nagusia, 13:00etan hasiko da. Alkartearen 50 urteetan zuzendaritzako kide izan diranek eskerrona jasoko dabe. L’Atelier jantza eskolea eta Durangoko Orfeoiak parte hartuko dabe ekitaldia. Maite Berriozabal izango da ekitaldiko aurkezlea. Ostean, auzitegi etxe ondoan ipiniko dan karpan herri bazkaria egingo da, eta amaieran kantu-erromeria. Bazkariaren prezioa hogei eurokoa da, 12 urtetik beherakoentzak, zortzi eurokoa. Maiatzaren 31ra orduko emon behar da izena: gerediaga@gerediaga.eus edota 946818066 telefono zenbakian.
 

Osorik irakurri