EH 11 Kolorek, Donostia 2016 Fundazinoak, Gipuzkoako Etxe Erregionalen Federazinoak eta Donostiako Udalak, Donostiako Aniztasunaren Festaren programea aurkeztu dabe bart, Nazinoarteko Kultur Aniztasunaren egunean.
Igaz 100 urte bete zituan Errioxako Etxea izan bazan 11 Kolore Fest jaialdian egiten dan 11 Tanbor Martxearen hasieran txupina jaurtitzeaz arduratu zana, aurten Gora Gasteizeko kideei egokitu jake txupina botateko ohorea.
EH 11 Kolore ekimeneko bozeroailea dan Xabier Mendigurenen berbetan, ekimen uritar honek aurten egin dauen lanari eskerrak emon nahi deutsaguz eta bide batez omendu nahi doguz, jarrera xenofoboen aurrean modu eredugarri batean lan egin dauen alkarteari. Gasteizko uritarrak beren jatorriaren, kulturearen edota sinismenen inguruan zatikatu nahi izan dituenen aurrean erakutsi dabelako parte hartzearen eta inklusinoaren bitartez Gasteiz edegiago bat, justuagoa eta azken batean hamaika koloretakoa egitea posible dala erakutsi deuskuelako.
Kultura eta jatorri desbardinetako Donostia osotzen daben personek alkartasun mezua bialdu gura izan deutsee beste jatorri eta kulturetako gasteiztarrei eta horrexegaitik aukeratu dabe Izan Kolore aurtengo lematzat. Izan Kolore izan bazan Gasteizen, baita Donostian eta Euskal Herri osoan be.
EH 11 Kolore ekimenak, beste urte batez, donostiar uritar guztiak eta baita gipuzkoar eta euskalherritarrak konbidau nahi izan ditu 11 Tanbor Martxan parte hartzera, alkarregaz aldarrikatzeko, aurten inoiz baino ozenago Gora Aniztasuna gure uriko kaleetan zehar. Aurtengo hasiera ordua eta lekua ostera, beste bat izango da, 18:30etan abiatuko bait da Konstituzino plazatik.
11 Kolore Festek beste edizino batzuetan arrakasta handia izan dauen 11 pintxo 11 zapore ekimen gastronomikoa dakar barriro be. Donostiako Alde zaharreko 11 tabernek bagilaren 6ean, egun osoan zehar, munduko gastronomietan oinarritutako pintxoak sortuko ditue 11 Kolore Festean. Kultura eta herri desbardinetako gastronomiak probetako aukerea izango da aurten: Gaztela, Ekuador, Bretania, Peru, Mexiko, Vietnam, Irlanda, Asturias, Korsika, Andaluzia eta Kuba.
Baina aurtengo 11 Kolore Festak baditu gauza barriak be: Bulebarrean umeentzako perkusino talierra izango da goiz osoan zehar. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak eta Bidez Bide alkarteak erakusketa bana ipiniko dabe Bulebarrean Zurrumurruak desagiten bata eta Aingeru zaindariak bestea. Banda Bat alkarteak bat egiten dau aurten 11 Kolore Fest egunagaz eta gauean Soupkandia Reggae Band taldearen kontzertua ikusteko aukerea izango da Guardetxen. Donostiako Piratek beste behin be Burubeltz Konparseari bizia emongo deutsie, baina aurten jatorri eta kultura desbardinetako mutil eta neskak batuko jakez Kolore Guztiak alkarte interkulturalari esker.
Baina Donostian ospatzen dan Aniztasunaren jaiak baditu garrantzizko beste bi ekitaldi: Ohitura bihurtu dan Gipuzkoako Erregio Etxeen jaia maiatzaren 31an Konstituzio Plazan eta Sukaldeanitzak ekimena bagilaren 13an Donostiako alkarte gastronomikoetan.