Ziortzako Kontzertuak maiatzaren 30etik bagilaren 7ra bitartean egingo ditue, kolegiatan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 22a, 00:00

Kantua, eleiz musikea eta antxinako doinuak ezagutzeko aukerea emongo dau beste behin Ziortzako Kontzertuak zikloak, Oiz mendiaren magalean dagoan kolegiata ospetsuan. Aurten, 27. ekitaldia beteko dau ekimenak. Maiatzaren 30ean hasita, Algarabia, Ismael Fernandez de la Cuestaren gregorianoen taldea, Los Tonos Humanos eta Zenarruzako Kamerata entzun ahal izango dira, ibilbide oparoko bakarlariakaz batera.

Jon Ander Barruetabeña Ziortza-Bolibarreko alkateordeak azaldu dauenez, Ziortzako kontzertuak ingurune parebakoan egiten dira: Kolegiatea, leku polita izateaz ganera, akustika aldetik Bizkaiko eleizarik onenetakoa da. Jon Anderren aita Agustin Barruetabeña, hain zuzen be, bertako organistea izan zan eta kolegiatearen egokitasun akustikoa azpimarratu eban beti. Organua 1686koa da, Joseph de Echebarriak egina. Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendariak dinoanez, musikeagaz batera inguruko ondarea erakutsi nahi dabe eta, holan, bisitaldi gidatuak eratu ditue Ziortzako kolegiatea eta Bolibarreko museoa ikusteko. Ekimen pribaduak eta erakunde publikoek bat egiten dabe Ziortzan, azpimarratu dau Olabarriak. Izan be, Ziortza-Bolibarreko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ahaleginari, alkarte eta erakunde pribatuen ekarpena gehitu behar jako, adibidez, Ziortzako Kontzertuak Kultur Alkartea, Gondra Barandiaran Fundazinoa eta BBK. Jon Ander Barruetabeña alkateordeak nabarmendu dau Gondra Barandiaran Fundazinoa aurten batu dala antolakuntzara, herrian beste gauza askotan izan dira laguntzaile baina aurten kontzertuetan be sartu dira.

Barruetabeñak artisten ahalegina be goraipatu dau, normalean kobretan dabena baino gitxiago jasota etorten dira hona, urteotan etorri diran artista guztiei eskerrak emon behar deutseguz. Aurten, lehenengo emonaldia, maiatzaren 30ean izango da. Segoviako Algarabia taldeak Erdi Aroko doinuak ekarriko ditu, batez be musika sefardia. Maiatzaren 31n, Andres Cea organujoleak emonaldia eskainiko dau eta, bagilaren 6an, kantu gregoriarraren txandea izango da, Ismael Fernandez de la Cuestak gidatutako taldearen eskutik. Bagilaren 7an, Los Tonos Humanos taldeak musika barrokoaren emonaldia eskainiko dau, 16. eta 18. mendeen arteko doinuak. Talde horretako partaide Belen Madariagak adierazo dauenez, aurten 30 urte bete ditu gure taldeak eta Ziortzan abestu ahal izatea saria da, ilusino handiagaz gagoz. Los Tonos Humanosek Ziortzako Kameratagaz batera egingo dau bere emonaldia. Bakarlari ugari be konbidau ditue Ziortzara, Arthur Bruce, Alexander Banfield, Cally Youdell eta Chloe Latchmore tartean. Zuzendaria, Jon Malaxetxebarria izango da.

Musikeak eta kantuak ez eze, arte plastikoek be badaukie euren tartetxua Ziortzako Kontzertuetan. Izan be, aurtengo kartelaren diseinua Mariemi Otaola eskultore eta irudigileak egin dau. Kartel koloretsua da, deigarria. Beirategi baten oinarritu naz irudia egiteko, kolegiatan dagozanen moduko baten, azaldu dau Otaolak, kolore biziak erabili dodaz, musikeak be bizitu egiten gaituelako.

Bizkaitarrak Ziortzako kolegiatara kontzertuak entzutera hurreratu daitezan, erraztasunak emongo ditue antolatzaileek. Bilbotik autobusak egongo dira kontzertu egunetan, arratsaldeko lauretan Errekalde Zumarditik urtenda. Era berean, Bolibarreko herrigunean bertan be, autobusak egongo dira, entzuleak kolegiatara igoteko.

Osorik irakurri