Bisita gidatuak Atxuriko tren geltokira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 25a, 00:00

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuei berrekin eutsen maiatzean. Ekimen hori, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da, eta aurtengo edizinoan, bere egunean injinerutzearen alorrean erreferente izan ziran eta ehun urte baino gehiago dituen industria instalazinoetan oinarrituko da. Bagilean, ikus-entzuleek, Manuel María Smith arkitektoak diseinautako estilo neoeuskalduneko Atxuriko tren geltokia bisitetako aukerea izango dabe bagilaren 2tik 27ra.

Atxuriko geltokiaren egungo eraikina 1913an egin zan, trenbide linearen trafiko hazkundeari aurre egiteko txiki geratu zan 1882ko jatorrizkoa ordezkatuz. 1912an, Sociedad de Ferrocarriles Vascongados izenekoak Bilbon geltoki barria eregitea erabagi, eta horretarako lehiaketa bat antolatu eban. Smithek aurkeztutako proiektua izan zan irabazlea, eta arkitektoak garai haretako 6.000 pezetako saria lortu eban. Arkitektoaren berbetan, euskal etxeetan inspirau zan batez be.

Bizkaian ez egoan abangoardiako ukitu askorik Atxurikoa baino urte batzuk lehenago eregitako tren geltokietan, Achúcarrok eta Gorbeñak eregi eben Concordiakoan edo Alzolak egin eban Najakoan ikus daitekeenez. Funtzionalidadeari jagokonez, eraikuntzea eraikinaren pieza nagusia dan atariaren inguruan egituratzen da. Bertatik sartzen da nasetara eta geltokiak funtzionetako beharrezkoak diran ganerako lekuetara.
 
Gaur egun Euskotrenek ustiatzen dauen geltokiaren bolumenaren forma konplexuak fatxada irudi anitza sortu dau. Horreen artean azpimarragarria da sarrerako alakea, Euskadiri buruzko errotuluagaz eta armarriagaz. Ate nagusiaren gainean Euskadiko hiru probintzien hiru armarriak jarri ziran eta Nafarroako kateak zituan laugarren bat, Ferrocarriles Vascongados soziedadea Nafarroako konpainiagaz bat egiten ahalegindu baitzan.

Atxuriko geltokira egingo diran bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, martitzenetan eta eguaztenetan 17:00etan eta 18:45ean; eguenetan eta barikuetan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan (euskeraz), eta zapatuetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren bagilaren 27ra arte. Bisiteak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dau, eta talde bakotxak, gehienez be, 25 persona izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserbea egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara), datorren astelehenetik aurrera.

Bisita horreetarako topalekua Gizakundearen plazea izango da. Bertan, izen bera dauen eleizearen eraikuntza lanak hasi zirala 500 urte bete diranez (Bilbao Historiko erakundea ospakizun hori bultzatzen dabil), Atxuri auzoaren jatorria eta Gizakundeko komentuak eta eleizeak inguru horren historian eta garapenean bete izan daben lekua be aztertuko da, labur bada be.


Bilbao Izan

Bilbao Izan programea orain zortzi urte sortu zan, Bilboko biztanleei eta interesa daben guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea eta eraikuntzea ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen garatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak Bilbo, hil bakotxean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubriduten eta Hamabi begirada Bilbori programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programeari jarraipena emonez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz. 

Osorik irakurri