Eusko Jaurlaritzeak Gobernu Kontseiluan onartu eban bart Gaztemundu 2015 programearen deialdia egitea eta prebisinoen arabera, datorren bagilaren 2an argitaratuko da; Kanpoan dan Euskal Komunidadearentzako zuzendaritzako teknikariek jakinarazo dabenez, argitalpen egunaren biharamunean hasiko da hautagaitzak bialtzeko epea.
Gaztemundu 2015 egitasmoaren aurrekontua 50.000 eurokoa da. Aurten euskal etxeetako 15 gaztek (18 eta 31 urte bitartekoak) parte hartuko dabe, eta irailaren 25etik urriaren 9ra bitartean Euskadira etorri eta kultura erakundeen kudeaketearen ganeko prestakuntzea jasoko dabe.
Egonaldian zehar zenbait lan eta jarduera izango ditue euskal jatorria daben gazteok eta jarduera horreen bitartez aukerea izango dabe erakundeakaz, enpresakaz eta Euskadin lan egin eta bizi diran personakaz hartu-emonak izateko, baita Euskadi barruko zein kanpoko gazteen arteko hartu-emon plataformak sortzeko be.
Aurtengo programan parte hartu nahi dabenek Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian aurkeztu beharko ditue eskabideak, deialdia EHAAn argitaratu ondoren.
Gaztemundu programea Basque Country Estrategiaren barruan kokatzen da eta, besteak beste, Euskadi kanpoan ezagutarazotea dau helburu. 1996an sortu eban Eusko Jaurlaritzeak Gaztemundu programea berariaz, alde batetik, Euskadiren egungo errealidadearen alderdi guztiak ezagutarazoteko, eta bestetik, euskal etxeetako bizitza aktiboan sartzeko belaunaldi barriak. Ordutik hona, euskal etxeetako 750 gazte baino gehiagok hartu dabe parte programan (Argentina eta AEBetatik etorri dira gehienak) eta horreetako asko euskal etxeen zuzendaritzetan dagoz edota erantzukizuneko zereginak ditue orain.