Ber2Tek, hizkuntza, ahots eta multimedia-teknologiak hizkuntzen industriaren zerbitzura

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 27a, 00:00

VICOMTECH-IK4 teknologia-zentroak, TECNALIA Research and Innovation Fundazinoak, UPV/EHUko Aholab eta IXA ikerketa-taldeek eta Elhuyarrek osotutako partzuergoak egin dau ikerketea, hiru urtez (2012-2014), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagunduta, Etortek programearen bidez.

Ber2Tek proiektuaren helburu nagusia izan da hizkuntza- eta hizketa-teknologiak ikertzea eta ikerketearen emoitzak aplikazino bihurtu eta jentearen eskura jartea. Teknologia horreek hizkuntzen industrian zertan lagundu leikien erakusteko, hiru demo eregi dira, edukien, itzulpenaren eta hizkuntzen irakaskuntzearen arloetarako; izan be, hizkuntzen industriak eta, batez be, euskerearen industriak, teknologia aurreratuak behar ditu eskura ingurune globalizatu, interkonektatu eta eleaniztun honetan lehiakor izateko.

Edukien arlorako, eretxien erauzketea edo sentimenduen analisiaren teknologia zer dan erakusten dauen demo bat egin dabe. Demoak testu bat hartzen dau, eretxi subjektiborik badauen aztertu, eta baldin badauka, positiboa edo negatiboa dan ondorioztatzen dau. Teknologia horrek aplikazino ugari izan leikez, eta sano interesgarria da enpresentzat, erraz jakin leikielako beuren produktuei buruz sarean zer esaten dan. Demoa egiteko, armiarma.eus webguneko Kritiken hemeroteka erabili dabe (hainbat komunikabide eta argitalpenetan ateratako euskerazko 5.000 kritika literario baino gehiago batzen ditu), eta hango kritika bakotxari puntuazino bat esleitu jako, Ber2Teken garatutako euskerazko eretxien erauzketearen teknologia aplikauta. Demoaren webgunean egilea, obrea, urtea edo bestelako parametro bat aukeratuta, grafikoki ikus daiteke puntuazinoak, eta kritika bera eta hango berba positibo eta negatiboak azter daitekez (berba horreetan oinarritzen da teknologia puntuazino bat esleitzeko).

Itzulpenaren arlorako, bilatzaile multimedia bat atondu dabe. Gaztelaniaz edo euskeraz dagozan hainbat bideo hartu dira, eta, ahots-ezagutza erabilita, modu automatikoan transkribidu. Holan, behin bideo horreen testua lortuta, bilaketak egin daitekez bideootan eta, nahi izan ezkero, zuzenean salto egin bilatutako berbea esaten dan momentura. Transkripzino horreek, gainera, modu automatikoan itzultzen dira gaztelaniara, euskerara edo ingelesera, eta, beraz, azpitituluak berez sor daitekez hizkuntza horreetan. Eta, itzulpen horreetatik abiatuta, hizketearen sintesiaren teknologia erabilita, audioa sor daiteke, hau da, bikoizketa automatikoa egin. Bideo horreek hizlari jakin batzuen hitzaldiak diran kasuetan, gainera, xede hizkuntzako bikoizketak jatorrizko hizlariaren ahotsa imitau leike, ahotsaren transformazinoaren teknologia erabilita.

Azkenik, irakaskuntzearen sektorerako, hizkuntzen irakaskuntzako tutore personal baten demoa egin dabe. Orain 3 urte, BerbaTek proiektuaren amaieran, antzeko bat egin eben, baina oraingo honek aukera gehiago ditu. Gainera, ha mahaigaineko aplikazino bat zan, eta oraingo hau online dago eta edozeinek probau leike. Demoko tutorea 3Dko avatar bat da, eta haregaz euskeraz komuniketan gara, ahoz (berak euskeraz berba egiten dau, eta euskeraz ahoz esaten jakona ulertzen dau). Tutoreak gidatzen gaitu aditza, deklinabidea edo ulermena lantzeko modu automatikoan sortutako ariketetan; gure ahoskerea ebaluetan dau; aditz jakin batzuen jokabideari buruz galdetu geinkio; zenbaki bat zelan idazten dan konsultau; hiztegian berba bat bilatzeko eskatu geinkio, eta berak hainbat hiztegitako emoitzak erakutsiko deuskuz.

Ber2Tek proiektuaren aurretik, 5 eragileek osotutako partzuergoak BerbaTek proiektuan jardun eban, 2009-2011 tartean, eta beste hiru demo egin zituen. Lehenago, Anhitz proiektuan ibili ziran alkarregaz, 2006 eta 2008 artean, eta zientzia-aditu birtual baten demoa atondu eben. 2002-2004
aldian, barriz, Hizking XXI proiektua gauzatu eben.

Ber2Tek proiektuaren ganeko azalpen guztiak emoteko eta demoak aurkezteko gaur goizean Usurbilen, Elhuyarren egoitzan, egindako agerraldian, hiru lagun honeek parte hartu dabe: Leire Cancio, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia; Jokin Azkue, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Euskerea Sustatzeko zuzendaria; eta Igor Leturia, Elhuyarreko I+Gko taldeko kidea eta proiektuaren koordinatzailea.

Osorik irakurri