21.000 ikaslek landu dabe bertsolaritzea ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko mai. 29a, 00:00

Bagilagaz batera, ikasturtea amaitzear da eta urtean zehar egindakoa plazaratzeko sasoia be izaten da udabarri amaierakoa: batetik, ikastetxeetan egiten dan egitasmoaren uztea eta bestetik, bertso-eskolek emondakoa.

Belaunaldi barriakaz bertsolaritzea lantzeko egitasmoak bere fruituak azaleratzen ditu jentaurrean. Hezkuntza arautuko lanketeari jagokonez, danetara, 410 ikastetxeetan gauzatzen da Gu ere Bertsotan proiektua: 38 irakaslek gauzatu dabe jarduna, 21.000 ikaslegaz bertsolaritzea landuz. Azken asteotan ikasturteko lana erakusteko hainbat jaialdi eta topaketa egiten dabilz ikastetxeetan eta ikastetxeen artean.

Gipuzkoan, egitasmoak 10.000 ume eta gazte moboduten ditu eta era honetako 72 jaialdi antolatu dira danetara lurralde osoan.

Bizkaian eta Araban eskualde eta uri bereko ikastetxeak topaketak egiten dabilz, zein baino zein arrakastatsuagoa: Basauriko topaketan, esate baterako, 700 bat lagun batu ziran. Arabako azken topaketak Agurainen eta Laudion izango dira bagilaren 2an eta 4an, eta Bizkaikoak bagilaren 5ean eta 12an izango dira, Galdakaon eta Bilbon. Azken uri honetan lehen aldiz jarri dabe martxan, Eskolatik Oholtzara egitasmoa, Bilbon euskerea eta bertsozaletasuna sustatzeko asmoz. Ikasturte osoan, Bizkaian 7.700 ikasle ibilten dira bertsolaritzea lantzen eta Araban, 2.500.

Araban bezela, Nafarroan be 4 irakasle dabilz, eta horreek eroaten dabe aurrera 45 ikastetxetako jarduna. Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiri jagokenez, danetara, 24 ikastetxeetan 800 bat ume ibilten dira urte guztian bertsolaritzea lantzen. Barrualdeko zein kostaldeko umeentzako Bertsulari Ttiki Egun bana egiten da: aurreko astean Larzabalen egin zan barrualdekoakaz eta bihar Miarritzen egingo da kostaldekoakaz. Biharkoan, 470 batuko dirala aurreikusi da.


Bertso-eskolan, gazte zein heldu

Bertsotan egiteko pasinoari jarraipena emoten deutsie askok bertso-eskolan, eta 1.700 lagun batu dira guneotan, gazte zein heldu. Horreekaz lotuta bertso-eskolen egunak be egin dira eta egingo dira asteotan; gehienetan Eskolarteko herrialdeko finalari loturik.

15-18 urte bitarteko 100 gazte baino gehiago dabilz kantuan Eskolarteko Txapelketearen barruan antolatutako saioetan. Bagilaren 6an zehaztuko dira finaleko parte-hartzaileak, Igorreko eta Hazparneko saioak jokatuta; orduan erabagiko ditue Bizkaiko eta Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko bina ordezkariak eta ganerako lurraldekoakaz lehiatuko dira bagilaren 27an Orion egingo dan saioan.


Eta udan…bertso-udalekuak!

Udan be bertsotan gozetan jarraitzeko eta beste herrietako bertso zaleak lagun egiteko aukera ederra eskaintzen dabe bertso-udalekuek. Auten garagarrilean eta abuztuan eskainiko diran 5 txandatan 240 bat umek hartuko dabe parte. Adi! Muxikako eta Orioko udalekuetan izena emoteko aukerea badagoalako, bagilaren 4ra bitartean. Aisialditik eta bertsolaritzatik abiatuta, lurralde desbardinetako kideak eta tokian tokiko eragileak ezagutzeko abagune ederra emoten dabe udaleku horreek.

Osorik irakurri