Milaka lagun eta giro ezin hobea, Ibilaldian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 1a, 00:00

Milaka lagun batu ziran atzo Bilbon, Ibilaldian, Bizkaiko ikastolen jaian, Harro ibili lemapean. Harrobia ikastolea izan da aurtengo antolatzailea, Lanbide Heziketako ikastetxea. Antolatzaileak gustura dagoz: Ibilaldiaren lekukoa hartu zanetik jakin bagenkien erronka handia zala, Bilbon holango ekimena antolatzeak zailtasun bereziak daukaz, eta harro esan geinke horreri danari aurre egin jakola. Zorionak, Ibilaldia!.

Urte osoko beharra izan da Ibilaldia antolatzea. Goiean, 9:30ean, hasi zan eguna. Bilboko Harrobia ikastolearen bidez, Lanbide Heziketa euskalduna azpimarratu nahi izan dogu. Ikastolako ikasle ohi bik zabaldu eben ibilbidea, 11:00etan. Ikastolek Lanbide Heziketearen garrantzia azpimarratu eta danok batera euskalduntze prozesu horretan lanean gogor segiduteko aldarrikapena egin eben.

Atzokoa 37. Ibilaldia izan zen, hain zuzen be. Ibilbideak zazpi kilometro izan zituan, eta bost gune. Lehenengo gunea Harrobia ikastolan bertan izan zan, San Frantzisko auzoko Harrobia plazan. Miribillan, Arenalean, Guggenheimen eta Erripan egon ziran ganerako guneak. Musikea, bertsolaria, jantzea, umeentzako jokoak, kirola, jana, edana... danetarik egon zan. Lan handi-handia izan da Harrobia ikastolearentzat Ibilaldia antolatzea, ikastetxe txikia izanda; horregaitik, Bizkaia osoko ikastolen laguntzinoa izan dabe.

Giroa ezin hobea izan dala adierazo dabe antolatzaileek. Bazter guztietan zer ikusi, zer entzun eta zertaz gozatzeko aukera egon da. Bertsolariak, kontzertuak, kirola, pailazoak, tailerrak, jantzak… Egitarau zabala, edegia eta aberatsa, esan dabe.  Aho-betez esan geinke egun eguzkitsu eta intenso honi amaiera ezin hobea emon jakola. Pozik gagoz eta alkarregaz aurrera egin eta egingo dogu, ganeratu dabe.

Atzo jasotako dirua Harrobia lanbide heziketearen proiektuetarako ekipemenduak erosi eta prestakuntza-espazioak hobetzeko erabiliko dabe. Harrobiak hiru urte daroaz Bilbon Lanbide Heziketako ikasketak euskeraz eskaintzen. Harrobia 2011ko zemendian sortu zan. Lanbide heziketearen mundua euskaldundu eta lanbideren bat euskeraz ikasi nahi dabenei horretarako aukerea emotea da ikastetxearen helburua.

Daborduko, Harrobiak emon deutse lekukoa Durangoko  Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolei, eurak izango dira eta 2016ko Ibilaldiaren antolatzaileak.


 

Osorik irakurri