Danetara, 30 artelan inguru erakutsi ditu museoak, joan diran hileotan jasotako obren lagin txiki baina adierazgarri bat. Margolanak, eskulturak eta kartelak dira. Besteak beste, 20. mendeko euskal artista esanguratsuenetako batzuen piezak ikusi leitekez, esate baterako, Ricardo Baroja, Gonzalo Chillida, Vicente Ameztoy eta Andres Nagelenak. Datozan asteetan, dohaintzan jasotako beste bilduma batzuk be aurkeztuko dituala aurreratu dau Bilboko Arte Eder Museoak.
Krisi ekonomikoaren eraginez, museoaren diru iturriak murriztu egin dira, baina bildumagileek eta artisten senideek egindako dohaintzak, ostera, gero eta gehiago dira. Holan, 2014an, danetara, 639.000 euroko balioa daukien obrak jaso zituan museoak eta, 2015ean, oraingoz, igaz baino artelan gitxiago jaso dituen arren, 820.000 euroko balioko dohaintzak euki ditue. Ibon Areso Bilboko alkate eta museoko patronatuko presidenteak azpimarratu dauenez, dohaintzak arnasea, hauspoa dira guretzat. Jasotako obrek prestigioa emoten deutsie museoari eta obrak, era berean, prestigiodun leku baten gordeta geratzen dira, ganeratu dau Aresok.
Igaz eta aurten, ehundazak obra jaso ditu Arte Eder Museoak dohaintzan eta horreetako batzuk jentaurrean jarri ditu. Gaur, aniztasun handiko bilduma bat aurkeztu dau, jatorri ugaritako emoleakandik hartutakoa. Javier Viar museoko zuzendariak esan dauenez, maila handiko obrak dira. Gehienak euskal artisten artelanak dira. Esate baterako, Andres Nagel donostiarraren 34 pieza jaso dira eta horreetako hiru ikusi leitekez. Vicente Ameztoyk olioan egindako koadro bat be badago. Nagel eta Ameztoy euren belaunaldiko euskal artista aitagarrienetakoak dira, azpimarratu dau Viarrek. Izen handiko beste artista batzuen lanak be badagoz, adibidez Gonzalo Chillidaren hiru pieza. Hartu-emon handia daukagu Chillida familiagaz eta, horri esker, 500 obra inguruko gordailua jaso dogu eta hiru obra dohaintzan emon deuskuez, azaldu dau Viarrek. Era berean, Ricardo Barojaren Berako lagunak koadroa be aitagarria da, eszenaren erdigunean Pio Baroja agiri dalako. Antonio de Guezalaren lau litografia be ipini ditue museoan ikusgai, baita Mari Puri Herreroren akuaforte bat eta kobrezko grabaduko plantxa bat be.
Euskal Herritik kanpoko artistei jagokenez, balio handiko piezak aukeratu ditue, batzuk 19. mendekoak. Berbarako, Federico de Madrazok 1857an margotutako Bernar kondesaren erretratua lanak, museoaren bildumea aberastuko dau, Viarren ustez: Orain arte, Madrazoren erretratu txiki bi baino ez doguz euki, baina hau formatu handikoa da, bere obra aitagarrienetako bat da. Bernar kondesearen oinordekoek emon dabe koadroa dohaintzan. Carlos Saenz de Tejadaren marrazki bi be ipini ditue ikusgai.
Marta Cardenas artisteak 295 obra eta 55 koaderno emon deutsoz Arte Eder Museoari eta, beraz, aurkezpen berezia egingo da bagilaren 19an, hori guztia erakusteko. Alberto Arruek eta Andres Nagelek egindako artelanen moltsoak be, aurrerago aurkeztuko dirala agindu dabe museoko arduradunek. Bestetik, Javier Viar zuzendariak aurreratu dau, urrian kartelgintzeari buruzko erakusketea zabalduko dabela. 200 kartel inguru aukeratuko dira museoaren bildumatik. Mikel Bilbao izango da komisarioa, gaur aurkeztutako bildumarako dohaintza ugari egin dituan aditua. Dohaintzak funtsezkoak dira museo honek aurrera egin daian, adierazo dau Javier Viarrek.