Pasa dan barikuan jakin genduan zein izango dan bagilaren 6an, Igorreko Kiñu gaztetxean bat-batean kantauko dauen zortzikotea. Bat-bateko Txapelketeak 4 kanporaketa izan ditu, eta 32 gaztetxuk hartu dabe parte maiatzaren 18 eta 22 artean egindako kanporaketetan. Horreetatik 8 sailkatu dira Bizkaiko finalera. Horrezaz gan, Igorreko finalean puntu gehien batuko dituen bi bertsolariak Euskal Herriko Eskolarteko finalerako sailkapena lortuko dabe. Euskal Herriko finala bagilaren 27an izango da Orion.
Ondorengoak izango dira bagilaren 6ko finalean bat-batean kantauko daben 8 bertsolariak: Iker Garitagaitia Astigarraga, Igor Galartza Intxausti, Lur Ziarrusta Intxaurtza, Lurdes Ondaro Mallea, Paule Loizaga Legarra, Peio Azkarate Elejabarrieta, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor.
Bagilaren 6an, esan bezela, Eskolarteko bat-bateko finalaz gan, idatzizko sariketea be izango da, baita Bertso Eskolen eguna be.
Hona hemen egitarua:
10:00 Bertso idatzien finala.
11:30 Bat-bateko finala.
13:30 Sari banaketea.
14:30 Bazkaria.
16:30 Bertso Eskolen tartea.
Eta ondoren… erromeria!
Dagoeneko salgai dagoz bazkarirako txartelak eta kamisetak bertsosarrerak.eu webgunean.