Petros Markaris idazleaek jaso dau 45. Bilboko Liburu Azokearen Zidarrezko Luma saria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 3a, 00:00

Gidoilari eta antzerkigile da Petros Markaris, baina Kostas Jaritos komisario greziarra protagonista daben polizia nobelek egin dabe ezagun batez be. Zidarrezko Luma saria jaso dau gaur, Bilboko Liburu Azokearen aurreko egunean. Arrastian berbaldia eskainiko dau, 19:00etan, Bidebarrieta liburutegian.

Petros Markaris idazleaz aparte, Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzailea, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako jarduneko zinegotzia, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Kepa Torrealdai EuskadikoLiburu-saltzaileen Alkarteko presidentea izan dira aurkezpenean.

Bihar hasi eta hilaren 14an amaituko da Bilboko 45. Liburu Azokea. "Danetariko eskaintzea egongo da", nabarmendu dau Asier Muniategik. Izan be, nobedadez betetako berrogeita hamar erakus-mahaiz gan, liburu-sinadurak, aurkezpeneak, topaketak, erakusketea eta umeentzako tailerrak egongo dira aukeran. Kepa Torrealdai itxaropentsu dago. "Azkenengo urteetan krisialdia igarria dogu, baina igaz egoerea hobetu egin zan, eta ia aurten be holan dan".

Ibone Bengoetxeak "liburuak erosi edo oparitu, idazleak ezagutu eta azokara etortera, azken baten" animau gura ditu herritarrak. Nobela baltzak maite dituala autortu da, eta horregaitik, Petros Markaris alboan eukitea ohore bat dala. Berak emon deutso Zidarrezko Lumea idazleari.

Euskal Herrian etxean lez sentiduten dala esan dau Markarisek, eta pozarren dagoala Bilbon. Irakurleek emondako saria izanik, benetan be sano pozik dagoala azpimarratu dau, "ohorea da niretzat. "Apur bat lotsatuta nago -adierazo dau- hain pozik egotearren, nire herrian jentea hainbeste sufriduten dagoan bitartean".

Liburu-saltzaileak gogoan izan ditu behin eta barriz prentsaurrekoan, "nire neba-arrebak dira", esan dau. "Nire lana bakardadean egiten dot, idazlearen lana holangoa da. Nire bakardadetik urteten nazanean liburu-dendetara joaten naz, etxean egotea moduan da". Gaur, 19:00etan, Bilboko Bidebarrietan izango da, Felix Linares kazetariak aurkeztuta.

Joxean Muñozez eretxiz, liburu azokak salmentarako lekua badira be, ez dira hori bakar-barrik, "topaketa eta jairako lekua be badira". Idazle eta irakurleek topo egiten daben espazioa da azokea.


Egitarau betea

Bihartik aurrera, egitarau bete-betea eskainiko dau Bilboko Liburu Azokeak. Igaz hil zan Ramiro Pinilla idazlea omenduko dabe bihar, 18:30ean, Bidebarrietan. Eta bihar bere, Unai Elorriagak Atea Saria-Labotral KutXa Saria jasoko dau, "Iazko hezkurrak" lanagaitik.

Barikuan, X. Nobela Baltza Topaketan hartuko dabe parte Dolotes Redondo, Victor del Arbol eta Felix G. Modroño idazleek, Felix Linaresen gidaritzapean. Zapatu-domekan, umeentzako tailerrak egingo ditue. Astegoienean, ganera, makina bat idazle egongo dira liburuak sinatzen, besteak beste, Jon Arretxe, Dolores Redondo, Martin Abrisketa, Iñaki Irasizabal, Katixa Agirre, Pedro Ugarte, Fermin Etxegoien, Gerardo MarkuletaRamon Saizarbitoria, Unai Elorriaga eta Koldo Izagirre.

Bagilaren 14ra arte egongo da zabalik Bilboko Liburu Azokea, arenalean. Liburuak, ganera, betiko lez, %10 merkeago erosteko aukerea izango da.

Osorik irakurri