Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Herri Administrazinoetan Hizkuntza Normalizetako zuzendari Joseba Lozanok Elebideren 2014ko jarduera-txostena aurkeztu dabe Eusko Legebiltzarrean, Kultura, Euskera, Gazteria eta Kirol Batzordean. Agerraldia sailak berak eskatuta antolatu da.
Elebideren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta apliketan laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Esangura horretan, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea dau helburu 2006an sortu zan zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko ezelako hierarkiarik barik eta herritarren arteko hierarkiarik barik.
Elebideren helburuak dira: Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea; herritarrak sensibilizetea; aholkularitzea eskaintzea: hizkuntz eskubideen eta araudiaren gainean; kexak jasotea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexea jaso dauen erakundeari aholkularitzea eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezan; lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazinoakaz eta bestelako erakundeakaz.
Agerraldia bi zatitan banatu da. Lehenengoan, Jaurlaritzeak hizkuntza politikearen eta hizkuntza eskubideen ganean dauen ikuspuntua laburbatu da; eta, bigarrenean, 2014an Elebiden jaso eta tramitau diran intzidentzien barri zehatza emon da.
Patxi Baztarrika sailburuordeak honako hau esan dau agerraldian: Gauza jakina da EAEko herritarrok hainbat hizkuntza eskubide autortuak daukaguzala Autonomi Estatutuari eta Euskerearen Legeari esker: euskerea ikasi eta erabilteko eskubidea, hezkuntzea euskeraz nahiz gaztelaniaz jasotekoa, Administrazinoagazko hartu-emonetarako euskera edo gaztelania hautatzeko… Badoguz kontsumitzaile lez autorturiko eskubideak be, neurri handi batean, eremu pribatuan gauzatzen diranak eta Kontsumitzailearen Legean edo Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideen Dekretuan jasota dagozanak. Hori holan izan arren, jakinekoa da gauza bat dala eskubideak autortuak izatea, eta beste bat, oso bestelakoa ganera, autorturiko eskubide horreek bene-benetan bermatuak izatea. Eskubideez eta askatasunaz gabilzanean, ez da nahikoa legezko autormen hutsa, ezta gitxiago be; beste pausu bat emon behar dogu, eskubide horreek, autortuak izateaz gan, praktikan bermatu daitezan.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak honako hau be gehitu dau: EAEn eredu aurreratua daukagu herritar guztien hizkuntza eskubideak defendiduteko, oso eredu aurreratua; gainera, aurrerapausu handiak emon doguz, hizkuntza eskubide horreek praktikan be ziurtatu ahal izateko; edozelan be, autortu behar da eskubide horreek oraindino be urratzen dirala gure gizartean. Baina helburua argi dago: euskerearen eta gaztelaniaren arteko benetako bardintasuna eta bizikidetzea.
Horretarako sortu genduan Elebide zerbitzua 2006ko urrian, eta horretarako jarraitzen dogu lanean lehen bezain sendo. Gainera, gure lana eraginkorragoa izan daiten, orain dela urte bete lankidetza hitzarmen bat sinatu genduan Arartekoagaz, eta hori gauzatzeko, protokolo bat bere jarri dogu abian, azaldu dau.
Eusko Jaurlaritzearen Hizkuntza Politikearen helburu nagusienetarikoa da hizkuntza askatasuna bermatzea, bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko eskubidea egiazkoa eta gauzagarria dala ziurtatze aldera. Horixe, gure asmoa. Eta bide bakarra dago horretarako: bi hizkuntza ofizialen arteko aukera bardintasuna errespetetea. Bide hori malgutasunez egin beharrekoa da, bai; baina, aldi berean, etenbarik eta eraginkortasunez. Eta horretarako tresna instituzionala da Elebide, gehitu dau Baztarrikak. Instituzionala esan dot, nahita, eta horixe da, hain zuzen be, berba klabea eta Elebideren balioetariko bat. Ikuspegi kualitatibotik begiratuta, oso-oso garrantzitsua da herri administrazino bat prest egotea bere hutsegiteak agirian itxi, eta konponbidean jarteko, azaldu dau.
2013an baino 53 kexa gehiago izan doguz 2014an, % 14,76 gehiago, eta, Elebideren sorreratik hona, ia bikoiztu egin da intzidentzia kopurua. Gure ustez, positiboa da aurreko urteetan baino salaketa gehiago izatea aurten. Alde batetik, seguru gagoz gehikuntza horren arrazoia ez dala eskubide urraketa gehiago izan dirala, herritarrek hizkuntza eskubideen alde egiteko kontzientzia eta sensibilizazino handiagoa erakutsi dabela baino. Beste alde batetik, salaketen gehikuntza horrek argi erakusten dau herritarrek Elebidegazko erakusten daben konfiantzea, gero eta konfiantza handiagoa, eta horrek berme osoa eta balio erantsia emoten deutso gure zerbitzuari, gehitu dau Baztarrikak.
2014ko datuak:
- 2014. urtean, 412 intzidentzia jaso dira danetara. Intzidentzia kopuru hori goraka doa urtetik urtera, eten barik, Elebide sortu zanetik.
- 2013an baino 53 kexa gehiago izan dira 2014an, % 14,76 gehiago, eta, Elebideren sorreratik hona, ia bikoiztu egin da intzidentzia kopurua.
- Ondokoak izan dira kexak sorrarazo dituen arrazoi nagusiak: Administrazinoagaz ahoz zein idatziz aukeratu dan hizkuntzan harremanak gauzatu ezina eta errotulazinoan atzemon diran hutsuneak.
- Izapidetu diran 346 kexetatik 342 kasutan (% 99), euskerearen erabilera ezagatik gertatu da eskubide urraketea. Eta lau kasutan, % 1ean, hain zuzen, gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin dau urraketea.