Idatz eta Mintz literatur aldizkaria saritu dabe Bilboko liburu azokan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 8a, 10:35

Labayru Fundazinoak 1981etik argitaratzen dau, gaur egun zenbaki bi urtero. Euskerazko idazle klasikoak berreskuratu, barriei atea zabaldu eta herri literaturea bultzatzen egindako lanagaitik, liburu azokako arduradunek urrezko lumea emon deutsie Idatz eta Mintzeko arduradunei, Bilboko Arenalean egindako ekitaldian. 58 zenbaki plazaratu ditu dagoeneko aldizkariak eta Igone Etxebarria zuzendariak adierazo dauenez, aurrera segiduteko bizi-bizi dago proiektua.

Idatz eta Mintz sortzeko asmoa 80ko hamarkadan jaio zan, euskerazko literatur aldizkarien alorrean egoan hutsunea beteteko asmoz. Adolfo Arejita Labayru Fundazinoko zuzendariak gogora ekarri dauenez, Leopoldo Zugazak emondako bultzadeari esker argitaratu ahal izan zan lehenengo alea: Guk literaturea zeozelan bultzatzeko asmoa bageunkan baina Leopoldok emon euskun hori gauzatzeko ideiarik onena. Izan be, Zugazak proponidutako diseinuagaz sortu eben Idatz eta Mintz. Igone Etxebarriak nabarmendu dauenez, aldizkariaren itxurea barritzailea izan zan sasoi haretan, gaur egun, mantenidu egiten dogu hasierako diseinua, ohituta gagoz, baina bere sasoian apurtzailea izan zan.

Aldizkarian era askotako idazleei lekua egiten deutse. Dagoeneko, 150 autore baino gehiagok kolaborau dabe Idatz eta Mintzen, Etxebarriak aitatu dauenez. Idazle klasikoak berreskuratzeko helburua dogu, baita idazle barriei lekua egitekoa be. Era berean, herri literatureari aparteko garrantzia emoten deutsagu. Idazleak ez eze, Idatz eta Mintz egiten laguntzen daben guztiak be proiektuaren parte dirala azpimarratu dau Etxebarriak eta, saria jasoteko momentuan, ez ditu ahaztu nahi izan: Idazleak, diseinua egiten dabenak, banatzaileak eta, jakina, irakurleak, danak dira aldizkariaren zati. Leopoldo Zugazak adierazo dauenez, maitasun handiagaz egindakoaren balioa dauka Idatz eta Mintzek.

Bilboko Liburu Azokako karpan, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendariak eta Asier Muniategi liburu azoketako koordinatzaileak emon deutse urrezko lumea Igone Etxebarria Idatz eta Mintzeko zuzendariari. Olabarriak adierazo dauenez, euskal kulturearen barruan hutsune bat beteteko sortu zan aldizkaria. Bizkaian ez eze, Euskal Herri osoan literaturea zabaltzen egindako lana goraipatu dau Olabarriak.

Saria jasoteaz batera, ganera, Idatz eta Mintzeko zenbaki barria aurkeztu dabe, 58. zenbakiduna. Gaur egun, urtero zenbaki bi argitaratzen ditue eta udeari jagokona aurkeztu dabe. Patxi Zubizarreta, Agurtzane Ormaza Imaz, Amaia Iturbide, Jabier Kaltzakorta, Eneko Urizar, Lourdes Unzueta, Xabier Boveda eta Sebastian Gartzia Trujilloren testuak batu ditue. Igone Etxebarriak dinoanez, zenbaki barriak erakusten dau bizirik gagozala eta lanean segiduteko asmoa daukagu aurrerantzean be'.
 

Osorik irakurri