Euskaltzaleen Topaguneak, EHUko Mikel Laboa Katedreak eta Lekeitioko Udalak bat egin dabe proiektuan. 2012an emon eben Benito Ansola saria lehenengoz, baina ordutik geldirik egon da. Aurten barriro berreskuratuko dabe, euskerazko ikus-entzunezko produktuak gauzatu nahi dituen egile gazteei laguntzeko. Urrira arte aurkeztu leitekez proposamenak eta, ondoren, saridunak 2016ko udagoienera arteko epea eukiko dau egitasmoa amaitzeko.
Benito Ansola Lekeitioko Zine Bilerearen sortzaile, bultzatzaile eta antolatzaileetako bat da eta bere izena daroan sariketeak be, Zine Bilereagaz loturea daukala azaldu dau Maitane Larrauri Lekeitioko alkateak: Sariketea Zine Bilerearen barruan ulertzen dogu guk, urtero-urtero ahalegin eta gogo handiz egiten dogu, aurten 38. ekitaldia izango da. Euskerazko zinemagintzearen inguruko jaialdi bat eratzen, Benito Ansola eta bere ikasleak aintzindari izan zirala gogoratu eragin dau alkateak. Orain, sariagaz, beste pausu bat egingo dabe, mesede handia egiten dabe era honetako sariek, sortzaileei babesa emoten deutselako.
Unibersidade publikoaren Mikel Laboa katedreak be parte hartzen dau Benito Ansola sariketako antolakuntzan. Hainbat alorretan sormena bultzatzea da katedra horren helburuetako bat eta, ikus-entzunezkoen esparruan, asmo horregaz bete-betean egiten dau bat Lekeitioko proiektuak. Beraz, Juan Kruz Igerabide katedrako zuzendariak azaldu dauenez, euren dirulaguntza programetako bat hara bideratzea erabagi dabe: Proiektua interesgarria iruditu jakun hasieratik, aitatu dau Igerabidek. Era berean, Mikel Laboa zanak Lekeitiogaz hartu-emon estuak izan zituala ez da ahaztu behar.
Benito Ansola sariketara, 18 eta 35 urte bitarteko sortzaileak aurkeztu leitekez, funtsean euskeraz izango diran ikus-entzunezko proiektuakaz. Izan be, egile gazteei euren sormena garatzeko aukerea emotea eta euskal kulturea zabaltzea dira helburu nagusiak. Parte hartzeko epea 2015eko urriaren 16ra artekoa da eta, irabazlearen barri, Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran emongo dabe. 3.000 euro emongo dira proiektua gauzatzeko eta 2016ko udagoienerako aukeztu beharko dau irabazleak bere lana amaituta. Topaguneko Beñat Vidalek zehaztu dauenez, fikzinozko zein animazinozko lanak aurkeztu leitekez, baita dokumentalak be.
Ikus-entzunezkoen Benito Ansola saria 2012an emon eben lehenengo aldiz eta idea berreskuratu gura izan dabe Topaguneak, Mikel Laboa katedreak eta Lekeitioko Udalak, hiru urte geroago. Maria Elorzak, Maider Fernandezek eta Aitor Gametxok egindako Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa lanak lortu eban saria orduko haretan. Beñat Vidalen esanetan, arrakastatsua izan zan produkzinoa, sari ugari jaso zituan, orain lan haretan oinarritutako antzezlana atontzeko asmoz dabilz.