Kafe Antzokiak Zazpi Kale Saria jaso dau, aretoaren 20. urtemugan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 10a, 17:03

Kafe Antzokiak Zazpi Kale Saria jaso dau bere 20. urtemugan. 1995eko abenduaren 15ean zabaldu zituan bere ateak, Bilbo erdian, antxina San Vicente zinema-aretoa izandako lekuan. Baina proiektua lehenago sortu zan, Euskerearen helduentzako irakaskuntzan ebilzan irakasle batzuen gogoetatik: Bilbon ikasleek ikasgelatik kanpo euskeraz berba egiteko aukera falta nabaria egoala eta ikasketa prozesuan aurrera egiteko behar-beharrezkoak zituela aisialdia eta hartu-emon naturalak euskeraz egiteko guneak. Bilbon erreferentzia fisikorik barik sakabanatuta egozan milaka euskaldun kontuan hartuta, euren hizkuntzea naturaltasunez erabilteko topagunea eskaintzea zan helburua, bertan euskaldunzahar, euskaldunbarri eta ikasleek bat egin, hizkuntza komunidadea trinkotu eta euskeraz biziteko aukerea sortu zan. Zentraltasuna bilatuz Kafe Antzokia Bilbo erdigunean kokatu zan, autofinantziazinoaren bidetik bideragarria bihurtuko eban ostalaritza proiektu batek lagunduta.

Hogei urte honeetan hamaika lagun izan dira Kafe Antzokiaren proiektu hau aurrera eroan dabenak eta sari hau danona da adierazo dau Kafe Antzokiaren ordezkarietako bat dan Mikel Urbeltzek. Beren-beregi Teo Etxabururi dedikau deutso saria Urbeltzek Bilboko zentroan euskal kultur-gune bat sortzearen utopia berea zan eta utopiak 20 urtean aurrera egin dau.
 

Sustraitua eta edegia aldi berean


Kafe Antzokiren beste helburu bat zan euskerazko adierazpide artistikoak modu egoki eta iraunkorrean jorratzeko lekua Bilbon eskaintzea. Era berean, beste kulturetako erreferentzia interesagarriak eskaintzea eta beste persona eta herriei uniberso euskaldunagazko lehen kontaktua erraztea.

Zuzeneko musikeari jagokonez, Bilboko eszenatoki nagusienetakoa da Kafe Antzokia. Euskal musikari gehienek jo dabe han, baita atzerriko ehunka talde eta bakarlarik be.


Areto bat baino gehiago

Zenbat Gara alkartearen eskutik euskerearen erabilerea sustatzeko ekimenak garatuz joan dira. Espazio horretan dagoz: BilboHiria irratia, euskara hutsean lanean dabilena, Gabriel Aresti Euskaltegia, Zenbat Gara alkarte kulturala, tailler, jai, berbaldi eta ekitaldiak antolatzen dituena, abesti saio edegiak Anje Duhaldegaz eta jantza saio edegiak Juan Antonio Urbeltzegaz, umeentzako jarduerak eta bestelakoak.

Bilboko Liburu Azokearen harian, gaur goizean liburuen aurkezpena egin da: 2012ko eta 2014ko Gabriel Aresti XXX-XXXI ipuin lehiaketearen bilduma bana (Erein Argitaletxea), eta Laura Mintegiren Nerea eta Biok (Txalaparta Argitaletxea).
 

Osorik irakurri