Piztu euskerea da aurtengo Araba Euskaraz jaiaren leloa, eta lelo hori moldatuta Piztuko dugu euskara izenburua hartu dau aurtengo abestiak. En Tol Sarmiento taldeak egin dau kantua, eta batera aurkeztu ditue, kantua eta bideoklipa be, taldeko kideek eta Oiongo San Bizente ikastolako zein Araba Euskaraz jaiko ordezkariek. Abesti alai eta jantzagarria da En Tol Sarmientok egin dauena, eta holan agiri dira San Bizente ikastolako ikasleak be, alai eta jantzari, bideoklipean.
Datorren domekan, 14an, izango da aurtengo Araba Euskaraz; Oiongo ikastoleak antolatuko dauen arren, Gasteizen izango da jaia, eta Arabako ikastola guztien laguntzinoa jasoko dau.
Piztu euskerea lemeari jagokonez, ez da agindu bat, gonbidapen bat baino. Bonbilla bat pizterakoan gure inguruan dagoana beste modu batean ikusten dogu, gure perspektibea, gure ikuspuntua, gure pertzepzinoa aldatu egiten da. Emon daiotsegun aukerea gure bonbilleari pizteko. Barruan daroaguna piztu behar da. Hau da behin eta barriro erabiliko dogun mezua Piztu, piztu, piztu, piztu besterik ez dozu egin behar, barruan daukazu eta.
Beste alde batetik, logoa bonbilla bat da. Bonbillea bi modutan egon daiteke, piztuta edo eta amatauta. Amatauta dagoanean argitzeko aukerea izan arren ez dau argirik emoten, inertea da, hilda dago. Baina guk nahi izan ezkero, bonbillea piztu egin geinke. Baina norberak piztu egin behar dau, horregaitik gure bonbillatxua eskuagaz piztu egiten da, norberak erabagiten dauelako piztuta egotea.
Kontuak kontu, 35. Araba Euskaraz jairako ibilbidea prest dago, Pradotik Armentiara; danetara, lau gune izango dira: Prado, El Mineral eta Atletismo Pistak, Armentiako zelaiak eta Mendizorrotza. Aparkalekuak Armentian izango dira baina ohikoa dan legez, antolatzaileek garraio publikoa erabilteko gomendioa egin dabe.
Informazino gehiago eta egitarauaren barri gura izan ezkero, klik egin hemen.