Herritarrek ipinitako kexei esker aldaketak igarten dirala dino Behatokiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 11a, 00:00

Euskaldunen hizkuntza eskubideak jagoteaz arduratzen dan Behatokiak urteroko txostena plazaratu dau, Euskerearen Telefonoan herritarrek ipinitako kexen barri emoteko. Ohi dan moduan, osasungintzan, herrizaingo sailean eta sektore pribaduko alor askotan, herritarrek arazo eta traba handiak euki ditue euskerazko arretea jaso ahal izateko. Halandabe, oraingo honetan, Behatokiko arduradunek alderdi positiboa nabarmendu nahi izan dabe, izan be, herritarren ekinari esker, esparru batzuetan aurrerapausuak egon dirala igarri dabe.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren 2014ko txostenean jasoten danez, euskerea ezin erabilteagatik herritarrek ipinitako kexak ez dira gitxitu. Zenbaki zehatzik ez dabe emon nahi izan, kexa bakar baten atzean persona askori eragiten deutsen kasuak egon leitekezalako eta, beraz, kopuru zehatzak ez diralako hizkuntza eskubideen urraketen neurriaren erakusle ona. Garbiñe Petriati zuzendariak, dana dala, honako hau aitatu dau: Herritarrek, beste behin, euskeraz biziteko nahia daukiela erakutsi dabe.

Nahi hori gauzatzeko orduan, baina, oztopo ugari dagoz, errealidadean zailtasunak daukaz herritarrak bere nahia beteteko eta horrek inpotentzia edo amorrua eragiten dau. Petriatik nabaritu dauenez, traben ganetik, herritarrek Behatokira joten dabe, egoerea konpontzeko ahaleginean, uzkurtu beharrean, aurrera egin nahi dauen persona klasea ugaritzen hasi da. Aurtengo Korrikan zabaldu dan mezuagaz, euskaldunek ahaldundu egin behar dabela dinoanagaz, bat egiten dau jarrera horrek, Behatokiaren ustez.

Aurreko urteetan jazotako moduan, aurten be, administrazinoko alor batzuetan kexa ugari egon dira. Petriatik osasungintzea aitatu dau, hor ez dago hobekuntzarik, oso gatxa da mediku edo pediatra euskaldun bat topetea, traba asko dagoz Euskal Herri osoan. Herrizaingo Sailak eta sektore pribaduak be kexa ugari batu ditue. Administrazinoak hizkuntza eskubideak bermatzeko ardurea daukanez, Petriatik dei egin deutse erakunde publikoei, euren konpromisoa behar da, alkarlan horretatik etorriko dira pausu positiboak. Herritarrei be dei egin deutse Behatokitik, ahalduntze prozesu horretan ez atzera egiteko, hizkuntza eskubideak aldarrikatzen segiduteko.

Herritarren bultzadeari esker, eta Behatokiaren laguntzinoagaz, kasu batzuei urtenbidea topau ahal izan jake. Horregaitik, Behatokiak baikortasunez hartu dau 2014ko txostena, aldaketa txiki batzuk egon dira, aurrerapausu txikiak baina inportanteak, dino Petriatik, aldaketa txiki bakotxak egoera orokorra aldatzen laguntzen dau. Esate baterako, alzheimerra daukan andra batek, Gipuzkoako Afagi alkarteko tailer guztiak gaztelaniaz zirala salatu eban eta, Behatokikoak Afagigaz harremanetan jarri ziranean, atsegin handiz erantzun eutsien eta, gaur egun, euskerazko eskaintzea be badaukie.

Gimnasio bateko bozgorailuetatik emoten diran abisuak orain euskeraz be esatea, merkataritza-gune bateko ticketak euskeratzea, kartel gero eta gehiagotan euskerea sartzea, holakoak dira egindako aurrerapausuak. Batzuetan istorio personalak dira, persona batentzat garrantzitsuak, beste kasu batzuetan, ostera, jente askori eragiten deutsen aldaketak dira, dino Edurne Arrizibita Behatokiko beharginak. Bere esanetan, kasu guztiak dira positiboak, herritarren bultzadeari esker egoerea aldatu leitekela erakusten dabelako. Horregaitik, ez uzkurtzeko deia egin deutse herritarrei. 2014ko txostena osorik irakurri leiteke Behatokiaren webgunean.

Osorik irakurri