'Bidaien etorkizuna eskuko telefonoetan dago'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 12a, 00:00

Txinan hazkunde handiena bizi daben sektore biak buztartzea edozeinen amesa izan daiteke. Eta Qunarrek jakin izan dau hori egiten. Txinako online bidezko bidaia-agentzia handienak turismoaren susperraldia eta merkataritza elektronikoak azkenaldian hartu dauen indarra aprobetxau eta hutsetik hasita, oso denpora tarte laburrean, erraldoien artean kokatzea lortu dau. 2005ean sortu zan eta gaur egun 6.000 behargin baino gehiago gara adierazo dau enpresako Estrategia zuzendaria dan Zhao Yilu and.ak. Hegazkin txartel gehien saltzen dituan enpresea gara eta igaz bikoiztu egin genduan gure atariaren bidez erreserbautako hoteleko gau kopurua gehitu dau Qunarrek Goldama Sachs inbersino-bankuan lanean egoala fitxau eban zuzendariak.

Bidaia-agentzien sektorean upealako lehia dago eta irabaziak gero eta gitxiagoak diran arren, estadistikei jaramon eginez, argi ikusten Qunar enpresearen ibilbidea oso emonkorra dala. Igazko urte fiskalari jagokozan datuei erreparauta, Qunar bide zuzenean dago: diru-sarrerak % 106,5 hazi ziran, 1.756,8 miloe yuan (266 miloe euro) eta bai hegazkin txartelen salmentea (83,9 miloae, % 64 gehiago) eta bai hoteleko gau erreserbak (32,1 miloe, % 98,1 gehiago) bikainak izan dira. Aitatu portzentaje horreek Txinako industria sentorearen batez bestekotik zazpi eta zortzi puntu gorago dagoz eta Zhaok esan dauen legez, oraindino badago hobetzeko aukerarik.

Izan be, Qunarrek % 100etik gorako igoerak pilatu ditu azken hiru hiruhilekoetan eta Bloombergek konsultautako aditu talde baten aurreikuspena da agentziaren diru-sarrerak % 71 inguru haztea aurten. Beraz, ulertzekoa da oraingoz atzerriko merkatuan ez sartzeko erabagia eta ataria txineraz baino ez agertzea: Bertoko publikoagaz eutsi ezinik gabiz dino barreka enpresako arduradunetako batek. Baina susperraldia betirako ez izatea be espero daiteke eta apurka-apurka hazkunde tasa bildurgarri horreek apaltzen joatea. Jakina danez, denporeagaz, merkatuan orekea etorriko da baina uste dogu asko falta dala horretarako  eta negozio aukerak sekulakoak dirala oraindino. Kontuan hartu, txinako turismo sektorean Internet oraintsu sartu dala eta eragina % 10ekoa baino ez dala. Hori bai, erabiltzaile barrien abiadea etenik bakoa da eta egunetik egunera igarten da hori esan dau Zhao and.ak.
 
Txinan gaur egun 650 miloe internauta dagoz eta ziberespazioan egiten dituen erosketak gero eta gehiago dira. Online bidaien sektorearen negozio bolumena 1,5 miloe yuanekoa da (227.000 miloe euro) eta adituen ustez hazkundean oraingoz ez da etenik aurreikusten. Ganera, hazkundea eskabideetan ez eze, eskaintzan be atzemon da: Txinan 250.000 hotel inguru dagoz eta oraingoz erreserba gehienak bide tradizionaletan egiten dira. Horregaitik erronka nagusietakoa da aitatu establezimendu horreek guztiek Sarera salto egitea. Dagoeneko, urtebeteko epean 92.00 inguru ekarri doguz online bidera. Igazko estadistikak gogoan hartuta, Zhaok ondo baieztapena egin dau: Bidaien etorkizuna eskuko telefonoetan dago. 2010ean egin eben baieztapen hori eta gaur egungo datuek ez ebizala oker adierazoten dabe. Txinan internauta gehiago dago eskuko telefonotik konekzinoa egiten dauena, ordenagailutik baino eta horren ondorioz erosketa eragiketak asko ugaldu dira eskuko telefonoetatik. 2012ko hirugarren hiruhilekoan diru-sarrera guztien % 4,7 baino ez jakun etorri eskuko telefonoetatik egindako eragiketen bitartez baina urte bi geroago, 2014an, % 40,3ra igon da portzentajea (urteko % 434,9ko hazkundea). Zhaok jakinarazo dauenez, diferentzia hotelen erreserbatan atzemoten da: erreserben % 48 smartphonetarako aplikazinoaren bitartez egiten dira, orain urtebete baino hamazazpi puntu gehiagoko portzentajea. Erraz ulertu daiteke zergaitik: erabiltzaile askok azken orduan egiten ditue erreserbak, sarritan lekuan bertan dagozanean eta, jakina, eskuko telefonoak malgutasuna eta eragiketak azkar egitea ahalbidetzen deutse azaldu dau.

Txinako bidaiariek zerbitzuak kontratetako moduetan aldaketa sakonak izan dira baina zelan eta nora bidaiatzen daben be aldatu egin da. Arrakastea lortzeko nahitaezkoa da bezero mueta desbardinak identifikau eta bakoitzarentzat eskaintza bereziak egitea. Edadeko turistek oporretarako eskaintza zarratuak gurago izaten ditue eta gazteagoek, barriz, euren kontura egin gura izaten ditue bidaiak. Belaunaldien arteko tartea gero eta handiagoa da eta hor negozio aukera barriak sortzen dira. Hegazkina eta hotela bakarrik kontratetan daben bidaiari independenteen portzentajea % 30 hazi da eta tour eta antzekoak, ostera, ez dira horrenbeste hazi. Baina azken horreen oinarria handiagoa danez, negozioaren bolumena ez da txarra, urtean 200 miloe inguru Qunar enpresearen kasuan.

Geldiro-geldiro emon dan pentsamolde aldaketa hori barri ona da ehun miloe txinatar inguru atzerrira bidaiatzen hasita dagozalako. Ganera, bidaietan gehien gastetan dabenak dira, alemaniarrek eta iparramerikarrek baino gehiago. Espainian, berbarako, Global Blue etxearen ikerketa batek ondorioztatu dau igaz % 51 gehiago gastau ebela eta Paris (1.874 euro) eta Londresen (1.599 euro) ostean, Madrilen gastau ebela diru gehien (1.400 euro). Halan da be, txinatar bidaiarien kopurua (287.283 izan ziran 2014, aurreko urtean baino % 13,8 gehiago) ez da bolanderak botateko modukoa izan be, Txinako Turismo Plangintzeak miloe bat turista etortea aurreikusi dau hamarkadearen amaierarako. Oraingoz, Espainiak zailtasun handiak ditu turismoaren arloan oso indartsua dan merkatu txinatarra erakarteko.

Osorik irakurri