Dagigun! lemapean etorriko da 2016ko Ibilaldia

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 15a, 00:00

Dagigun! izango da Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatuta 2016ko maiatzean egingo dan ibilaldiaren lemea. Izenburu hau aukeratuz, ikasle euskaldun, prestu eta konpetenteak hezteko zereginean aurrera sendo jarraitzeko konpromisoa erakutsi nahi izan dabe bi ikastoletako arduradunek, gogora ekarriz derrigorrezkoa dala danon arteko alkarlana, ikastolen jatorrizko proiektuak etorkizunean be ondorio oparoak emon daizan.

Era berean, bi ikastoletako presidenteek azpimarratu dabenez, ikastolek arlo pedagogikoan izan daben aitzindaritzeari eutsi nahi deutsie hemendik aurrera be, eta asmo horretan funtsezkoa da proiektuen finantziazinoa. Ibaizabal ikastolearen eraikin barria pagau ahal izateko eta Kurutziagan Haur Hezkuntzako eraikina barriztatzeko erabiliko da Ibilaldian lortzen dan dirua.

Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek Ibilaldiaren jatorrizko kontzeptura itzuli nahi dabe, hau da, alegia parte-hartzaileek euskereagazko, ikastolen proiektuagazko eta, batez be, ikastolek Euskal Herriaren euskalduntze eta egituratze prozesuan egin daben lanagazko konpromisoa erakusteko balio izango dauen Ibilaldia egin nahi dabe. Jai giroan, baina atxikimendua erakutsiz.

Urte osoko lan horretan parte hartzeko dei zabala egin deutsee bai bi ikastoletako ikasle, ikasle-ohi, irakasle eta gurasoei, baita euskalgintzan dabilzan gaierako eragileei be, lan hau danen artean egin beharrekoa dala azpimarratuz.

Dagigun! lemeagaz eta diseinu barritzaile eta modernoa dauen logoagaz, dagoeneko salgai dago hainbat material, batez be erropea, Durangon bagilean zehar zabalduko dan dendan (Barrenkalea kalean, udaletxe ondoan). Dendearen ordutegia hauxe izango da: Eguaztenetik barikura 10:00-13:30 eta 16:30-20:00: zapatuetan: 10:00-13:30

Ehunka lagun prest agertu dira urtean zehar Bizkaiko txoko guztietara material hori Ibilaldiaren mezuagaz batera (Dagigun!) zabaltzeko, bizkaitar eta euskal herritar guztien bihotzera heldu daiten.

Osorik irakurri