Karramarroen Hiria (Autoedizinoa, 2006), Nora zoaz (Autoedizinoa, 2009) eta Katiuska gorriak (Taupaka, 2012) diskoak argitaratu ondoren, eta Euskal Herriko zein Bartzelona, Madril, Valentzia, Girona, Alacant eta Londres moduko urietan zuzeneko kontzertuak eskaini ostean, bagilaren 18an, Bilboko Kafe Antzokian, zuzen-zuzenean grabauko daben disko barria da orain Josu Bergararen (Ea, 1979) burukomin nagusia.
Laugarren lan honek Kanta txikien indarra izenburua izango dau eta Nerea Alberdi (bibolina), Mikel Nuñez (pianoa), Txema Arana (bateria) eta Daniel Gonzalez (baxua) musikarien laguntzinoagaz Bilbon zuzeneko berezia eskaintzea da asmoa; Gaizka Peñafiel trikitilariak, Maria Riverok eta Mikel Markez abeslariak be parte hartuko dabe disko barrian.
1.- Estudioko hiru disko argitaratu ostean dator zuzenekoa: Kanta txikien indarra. Zergaitik orain? Noiz sentidu zenduan zuzeneko grabazinoaren beharra?
Badira urte batzuk. Orain dala hiruzpalau urte, Katiuska gorriak diskoa grabau eta kontzertu piloa emoten hasi ginan eta denporalditxu luzean egon nintzan neu bakarrik kontzertuak emoten. Hirukote formatoan ekin geuntsan geroago, Nerea Alberdi biolinisteagaz eta Mikel Nuñez Lauzirika pianisteagaz batera. Makinatxu bat kontzertu emon genduzan eta ikusten genduan zuzenean beste indar bat geunkala eta jenteak be beste modu baten ikusten gintuela. Hortxe buelta horretan sortu zan zuzenekoa egiteko aukerea baina bat etorri ginan horrek formato handiagoa beharko leukela eta hemen gagoz.
Ni bakarlaria izan arren eta horri eutsiko deutsadan arren, jente askoren laguntzinoagaz agertuko gara eszenatokietan, kantautore amerikar zein irlandar batzuen eredua edo formatoa hartuta, berbarako, Glen Hansard, Damien Rice eta Ray Lamontagneren formatoa. Eszenatokian aurrean agertuko naz baina beti ondo babestuta, bateria, hari laukotea eta ganerakoak zirkulu bat osotuz agertuko dira.
2.- Kanta txikien indarra diskoaren izenburuak argi adierazoten dau mezua baina hasieratik argi izan zenduan izenburua ala buelta batzuk emon behar izan deutsazuz?
Ez. Beste disko batzuen kasuan, berbarako, Nora zoaz diskoan kantu batek emoten deutso izenburua eta Katiuska gorriak izenekoan Azkarate lagunak idatzitako testu bat dago oinarrian. Orain, barriz, Kantu txikien indarra jarri deutsat, eszenatokietan 10 urte egin dodazalako eta adierazoteko modua da nire kantuak txikiak izan arren, indarra eta ibilbidetxua euki dabela; horrezaz gan, txikiak berbeak dakarren harrotasun puntu horregaz adierazo gura dot geurea dana babesteko dogun modua. Beraz, kasu honetan nahikoa argi euki dot izenburuarena.
3.- Lehenengo biak autoedizinoa izan ziran eta hirugarrena eta zuzeneko hau be Taupakagaz kaleratuko dozu. Gauzak ez dagoz bolanderak botateko moduan...
Taupakagaz argitaratzen dot konpromiso bategaitik; guk alkarte barruan kultur eredu desbardina eregiten dogu eta horretan gabilz; batzordeetan batzen gara 40 bat sortzaile, musikariak eta beste arlo batzuetakoak be bai eta koherentziaz jokatuz, geure eredu propioa eregiten gabilz edo horretan saiatzen gara behintzat. Esangura horretan, aberastasuna badago egon, sormen handia dago eta gauzak modu diferentean egiteko ereduaren alde egiten dogu. Baina badakigu jakin egun kultureak bizi dauen egoerea ez dala bolanderak botateko modukoa baina beste sasoi batzuetan okerragoa izan da eta aurrera egin dogu.
4.- Bakarlaria zara izatez, baina jente piloa, dozena bat inguru batu zarie zuzeneko grabazinoaren inguruan, besteak beste, Mikel Nuñez eta Nerea Alberdi...
Bai. Formatoari bateria bat gehitu deutsagu, Txema Arana, hain zuzen; baxujolea, barriz, Dani Gonzalez da; eta hari-laukotea, Nerea Alberdi, Natalia Wang, Ariadna Villate eta Claudia Diez. Horrezaz gan, Kafe Antzokiko zuzenekora lagun batzuk be etorriko dira kantu batzuetan agertzeko.
5.- Kolaborazinoen artean, Gaizka Peñafiel trikitilariak, Maria Riverok eta Mikel Markez abeslariak be parte hartuko dabe diskoan...
Bai. Kontzertuak emoten eta saltsa honetan badaroaguz urte batzuk eta ibilbide horretan jente asko ezagutzen dozu eta horreetako batzuk dira aitatu dozuzanak. Batzuekaz ganera, lotura sendoagoak daukazuz, musika mundua, konpromisoa, gauzak antzera ikusten doguz eta oso aberasgarria da hori. Beraz, lagun horreei konbita egin eta danak baietza emon dabenez, pozarren gagoz aurrera egiteko.
6.- Nora Zoaz (2009) diskoagaz batera CD crossing esperientziari ekin zeuntsan. Zelako esperientzia izan zan? Errepetiduteko gogoz?
Esperientzia ederra. Disko bat egiten dodan bakotxean saiatzen naz ekarpen gehigarria egiten, ez daitela izan diskoa, kantuak eta listo; diskoak ibilbide bat izatea gustetan jat eta ibilbide ahalik eta emonkorrean eta luzeena izan daiten pausu zehatzak emotea. Gogo horregaz, CD crossingarena egin genduan, hau da, diskoa lagun eta ezagunei emon geuntsen, euren bidaietan eroan eta hor zehar lagateko. Kontua da ze, Tokio, Mosku zein New York lako urietara heldu zala diskoa, ia 40 herrialdetara. Ganera, leku horreetako batzuetatik eskaintzak be izan genduzan, nahiz eta euskeraz kantau, diskoetan ingelesezko etiketea jarri geuntsan azalean, gura ebanak zeozertxu idazteko asmoagaz.
Katiuska gorriak izeneko diskoagaz, barriz, 11 argazki 11 abesti erakusketea atondu genduan; argazkilari bakotxari kantu bat emon geuntsan eta zelan edo halan interpretetako eskatu; esperientzia hau be polito joan zan. Eta dinotsudan lez, beti gustetan jat disko bakotxagaz zeozer berezia antolatzea. Baina egia da zuzeneko honegaz ez dakidala zer besterik eskainiko dogun... Zeozer etorriko da...
7.- Zure kantuen letren harian egoera soziopolitikoak arduratzen zaituala argi dago. Kantu barri eta zaharren artean disko barrian zer topauko dogu?
Danetarik dago. Kantu batzuk nire bizitza personaletan oinarritutakoak dira, baina badira Bilbo uriari omenaldia, kaleen izenak eta aitatuta; Mundua lo dagoan bitartean izenburuko kantu bat be sartu dogu, bikote baten inguruan baina bizitzaren etapa desbardinak jorratuz. Horrezaz gan, kantu bi dagoz umeei zuzenduta, Tartalo, Tartaloren ipuina eta bestea Ene bihotz, seaska kantua. Nik neuk ez daukat umerik baina inguruan lagunartean eta badira batzuk eta eurei eskainita doaz. Edade desbardinetako publikoarentzako kantuak topauko ditu entzuleak disko barrian.
8. Zuzeneko diskoaren grabazinoaren ostean, kontzerturik badaukazu berbatuta?
Bai. Formato handian, zortzi lagun ingurugaz zein hirukote formatoan mobiduten gara. Formato handiari jagokonez, irailetik aurrera mobiduten hastea da asmoa; kontuan hartu diskoa 18an grabau eta gitxi gorabehera iraila edo buelta horretarako argitaratuko dogula. Dana dala, geldi egoten ez dakienetakoa naz eta hirukote formatoan badaukaguz hitzordu batzuk: bagilaren 24an, Ean egongo naz, jaietan; garagarrilaren 3an, lekeition; eta abuztuaren 28an, Laudion. Bilboko Aste Nagusian be segurutik eta deien zain nago, beraz, kantaldi gehiago be sortzea espero dot.
9.- Azken urteotan Londres, Bartzelona, Valentzia, Madrid eta Euskal Herriko areto askotan kontzertu ugari eskaini dozuz. Kanpoan emon zenduan lehenego kontzretua gogoan dozu?
Bai. Oso oker ez banago, lehenegoa Bartzelonako Euskal Etxean izan zan orain dala 6 edo 7 urte. Gogoan daukat ze gauza berezia pasau jatan; lehenengoz nintzan han eta jente gitxi hurreratu zala ikusita, kalera urten neban gitarreagaz eta han hasi nintzan kantetan. Jente piloa batu jatan eta esan neutsen gura izan ezkero, barruan gustorago egongo ginala.
Hortik aurrera, Londresen, Bartzelonan hiruzpalau aldiz egon naz, Madrilen, Valentzian, Gironan eta abar; beti saiatzen naz hango kantautoreren bategaz hitzordua egiten, katalenez eta euskeraz kantetako.
Datorren urteko udan, barriz, AEBetan zeozer egitekotan gabiz, Euskal Etxe batzuekaz eta hartu-emonetan ibili naz eta dagoeneko zeozertxu badaukat lotuta baina aurrerago izango dozue guztiaren barri zehatza.
10.- Aita konserbatorioko irakaslea izanik, musikarako zaletasuna edo jokerea berez etorriko jatzun. Noiz hasi zinan bakarlari lez, kitarreagaz eta endredetan?
Ondo esan dozun lez, txikitatik egon naz musikeagaz harremanetan. Aita beti ikusi izan dot pianoa joten eta nik neuk urteak egin dodaz biolontxeloagaz. Gero 18 urtegaz edo aspertu egin nintzan biolontxeloagaz eta etxean topau neban gitarra bategaz ekin neutsan gitarreari autodidakta. Unibersidadean, hirugarren mailan edo nire kantuak idazten hasi nintzan eta laugarren mailan uste dot izan zala, kontzertu bat emoteko aukerea izan neban eta hor abiatuta, gaur arte ez naz egon geldi.