Bingen Ametzagaren idazlan guztien bersino digitalaren dohaintzea Euskaltzaindiari

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 17a, 00:00

Bingen Ametzaga idazle eta euskaltzain urgazlearen idazlan guztien bersino digitalak dohaintzan emon deutsoz Euskaltzaindiari Xabier Ametzaga Iribarren semeak. Danetara, 298 lan batzen dituen bederatzi dokumentu nagusik osotzen dabe dohaintzea. PDF fomatuan dagoz.

Hamargarren dokumentua be bada, lan osoaren zehetasunak eta aurkibidea azaltzen dituana. Lan guztiak Azkue Bibliotekearen Katalogoan txertatu dira.

Bingen Ametzaga Algortan (Bizkaia) jaio zan, 1901ean, eta Caracasen (Venezuela) hil, 1969an. Getxoko zinegotzi hautatu eben 1931n eta Hezkuntza ministro izan zan Lehen Eusko Jaurlaritzan. Gaztetan ikasi eban euskerea.

Espainiako Gerra Zibila piztu zanean Ingalaterra, Argentina eta Venezuelara erbesteratu zan, hurranez hurran. Zuzenbidean lizentziaduna, Caracas eta Montevideoko unibersidadeetako irakasle izan zan.

1957ko garagarrilean, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban, euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lanagaitik.

Ipuin, poesia eta narrazinoak idatzi zituan eta Euskal-Esnalea, Euzko Gogoa eta Egan aldizkarietan argitaratu. Halan da be, itzulpengintzan nabarmendu zan. Besteren artean, Oscar Wilderen Reading Baitegiko leloa, William Shakespeareren Hamlet Danemark'eko Erregegaya, Plinioren Plini gaztearen idazkiak, Eskiloren Prometeu burdinetan, Juan Ramon Jimenezen Platero eta biok edota Goetheren Lur-miña obrak euskeratu zituan.

Bingen Ametzagari buruzko datu bio-bibliografikoak Xabier semeak batu ditu aitari eskaini deutson webgunean. Era berean, Editorial Xamezagaren webgunean idazlearen katalogo osoa konsultau daiteke.

Osorik irakurri