Euskadiko jazz denporaldia Getxon hasiko da, garagarrilaren 1etik 5era

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 17a, 00:00

Bertoko eta nazinoarteko artistak egongo dira Getxoko Jazzaldiaren 39. edizinoan. Kontzertu nagusiak Algortako Biotz Alai plazan izango dira eta Hirugarren Milurtekoa ziklokoak, Algortako Geltokiaren plazan. Horrezaz ganera, musikari gazteen lehiaketako finala, jam session erako emonaldiak eta erakusketak dagoz aurtengo egitarauan. Getxoko hitzorduagaz, jazzari eskainitako hilea hasiko da, Gasteiz eta Donostiako jaialdiak be garagarrilean izango diralako.

Koldo Iturbe Getxoko Udaleko jarduneko kultura zinegotziak azpimarratu dauenez, Getxoko Jazzaldiaren eskaintzea anitza eta kalidadezkoa da. Iñaki Saitua jaialdiaren arduradunak zehaztu dauenez, hiru ardatzen inguruan egiten dabe lan Getxon: Kalidadezko programazinoa, aniztasuna eta gazteei aukerea emotea dira gure oinarria. Ohiko moduan, aurten be sail ugaritan banatuko dira kontzertuak. Ziklo nagusian, bost emonaldi egongo dira, eskarmentu eta ospe handiko artisten eskutik. Hirugarren Milurtekoa atalean, beste bost emonaldi programau ditue, artista eta talde gazteei lekua egiteko.

Iñaki Saituak azaldu dauenez, 15 taldek joko dabe Getxon, 18 kontzertutan. 75 musikari inguru jardungo dira. Bertoko eta kanpoko artistak dagoz egitarauan, batzuk oso ezagunak dira, beste batzuk ez horrenbeste, baina maila handikoak dira danak edozelan be, dino Saituak. Ziklo nagusian, Biotz Alai plazako eszenatokian, Avishai Cohen israeldarra izango da lehenengoa, garagarrilaren 1ean. Hilaren 2an, Nettwork izeneko laukotearen txandea izango da. Nettworkeko partaide guztiak ospe handikoak dira: Stanley Jordan, Casimir Liberski, Charnett Moffett eta Jeff Watts. Hilaren 3an, Joe Lovano Quartet izango da Getxon eta, biharamunean, The Stanley Clarke Band. Amaitzeko, Madeleine Peyroux izango da Biotz Alain, 5ean. Antolatzaileen ustez, Peyrouxen emonaldia izan leiteke aurten jente gehien erakarri leikena.

Iluntzeko 21:00etan izango dira sail nagusiko kontzertuak. Ordu bi lehenago, egunero, Hirugarren Milurteko zikloko emonaldiak egingo ditue Algortako Geltokiaren plazan. Jazzing Band, Victor de Diego Trio, Onna Project, Philippe Lemm Trio eta Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea egongo dira han. Hirugarren Milurtekoa zikloan, musikari gazteagoei emon nahi deutsie aukerea. Esate baterako, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrea oraintsu sortu da. Kontzertuaren arabera, sarreren prezioa aldatu egingo da, 10 eurotik 37 eurora arteko prezioakaz. Dana dala, 60 euroko bonua be atara dabe.

Getxoko Jazzaldiaren banden lehiaketea be azpimarratu dabe antolatzaileek, talentu barriei bultzadea emoteko balio handia daukalako. Iñaki Saituak azaldu dauenez, aurten 17 herrialdetako 55 taldek emon dabe izena. Finalerako, lau aukeratu ditue eta sail nagusiko kontzertuen aurretik joko dabe. Irabazleak garagarrilaren 5ean be joko dau, Biotz Alain. The Piper´s Irish Club tabernan, bestalde, jamm sessions saioak egongo dira eta Torrene Aretoan, Antonio Porcar Cano argazkilariaren erakusketea ipiniko dabe.

Laster, beraz, Getxoko Jazzaldiaren 39. ekitaldia martxan izango da. Jaialdi hau erabat errotuta dago, horrenbeste urtean eutsi deutso eta beti goi mailako programeagaz, azpimarratu dau Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendariak. Ikusleen leialtasunari esker lortu da hori, ganeratu dau. Koldo Iturbe zinegotziak adierazo dauenez, eragin ekonomiko handia dauka herrian jazzaldiak, baina guk, batez be, gizarte mailako eragina baloretan dogu, Getxoko kulturea eta jentea aberastea da jaialdiaren helburua.

Osorik irakurri