Euskerearen eta euskal kulturearen ezagutza eta prestigioa nazinoartean sustatzeko asmoagaz, Etxepare Euskal Institutuak Euskerea eta Euskal Kulturako irakurletzen sarea osotzen jarraitzen dau.
Programa honen bitartez munduko unibersidadeetan erakusten dira euskerea eta euskal kulturea, helburu horretarako Institutuagaz sinatutako beste hainbeste lankidetza hitzarmeni esker. 2014-2015 ikasturtean, 27 irakurle–irakaslek osotzen dabe Institutuaren sarea 17 herrialdetan dagozan 34 unibersidadetan.
2015-2016 ikasturterako hiru irakurletza barri sortuko dira nazinoarteko izen handiko unibersidadeetan: University of Illinois at Urbana-Champaign (AEB); Universidad de La Habana (Kuba); eta Université Sorbonne IV, París (Frantzia). 2016-2017an, barriz, beste bi unibersidadek zabalduko dabe euskerea eta euskal kulturako irakurletzea: University of Edinburgh (Erresuma Batua) eta UCLA University of California Los Angeles (AEB).
Abian jarri zanetik, Etxepare Institutuko irakurletza sareak goranzko bilakaerea izan dau. Batetik, baliabideak optimiztu egin dira: zenbait irakurle unibersidade desbardinetan irakasle dira eta 8 hitzarmen bertan behera itxi dira. Bestetik, azken lau urteotan 24 hitzarmen barri sinatu dira unibersidadeetan, horreen prestigioa eta ikasketen curriculum presentzia kontuan hartuta. Danetara, ikasle kopurua bikoiztu egin da. Gainera, unibersidade guztietan ekintza akademiko-kulturalak be antolatu dira, 250 bat 2011tik gaur arte, mundu osoko ikasleek gure hizkuntzea eta kulturea lehen eskutik bizi deiezan.
Bestalde, egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntzea sendotzeko, 2011. urtetik aurrera Etxepare Euskal Institutuak Excellence in Basque Studies ikastaroa antolatzen dau urtero, uda partean, UPV-EHUko Udako Ikastaroakaz alkarlanean. Aurtengoa garagarrilaren 8tik 10era izango da, Mariasun Landa idazlearen omenez; matrikula zabalik dago oraindino. Gainera, 2014. urtetik, atzerriko unibersidadeetan eta goi-mailako zentroetan euskerea erakusteko prestakuntza programea be eskaintzen dau Institutuak udagoienean, EHUko Euskera Errektoreordetzeagaz lankidetzan.