Bagilaren 20an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 18a, 00:00

... Aita San Antoniok barriak egingo ditu dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urratzeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek. Bagilaren 20an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea. Tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Mankomunidadeak hiru autobus ipiniko ditu. Autobusean joan etorria egiteko, ala etorteko baino ez bada, izena emon behar da astebete lehenago. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be antolatu ditue.


PR-aren inaugurazinoa eta bedeinkazinoa

Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik eta Zeanuritik abiatuz. Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da urteerea eta Zeanuriko plazan, 07:30ean. Gainera, aurten Zeanuri eta Urkiola lotzen dituan PR-BI 1 ibilbidearen bedeinkazinoa eta inaugurazinoa egingo da. Ibilbide labur hau joan dan apirilean Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek seinalizau eban Zeanuriko Udalaren laguntzinoagaz eta errogatiba eguna bide horren inaugurazinoa egiteko aprobetxauko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiteko, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea jarraitzen da. Martxa normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken ibilbidea da.

 
Egitaraua

Aurtengo errogatibea Emakumea Eleizean: egiteko bidea lemapean egingo da. Hamaikak baino lehentxuago, ondoetorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioari eutsiz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira, 11:00etan Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko. Meza aurretik, Zeanuriko parrokiak —aurtengo errogatibearen antolatzailea— lemeagaz bat datorren antzerki labur bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratzen diranei. Eta ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00ean euren herritara itzuliko dira.
 

Osorik irakurri