Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, oraingo honetan Surbisa udal soziedadeagaz lankidetzan, Osterak Bilboko Auzoetatik bildumako laugarren eta azken liburukia argitaratu dau, Jatorrizko Bilbo lez ezagutzen danaren ganekoa. Ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programearen barruan sartzen dan ekimena, 2005etik gure uriko auzo guztietan egin diran bisitetatik sortu zan. Izan be, ekimenak sortarazo eban interes handiagaitik, jarduereari beste bi urtez eutsi jakon, eta haren ondoren izaera zehatzagoa eben beste batzuk etorri ziran, Bilboko txoko guztietara heldu ahal izateko.
Bilduma Deustu eta Begoñako eleizateei eta Abandoko errepublika zaharrari eskainitako liburukiakaz hasi zan, eta orain Jatorrizko Bilbogaz jarraitzen dau. Aurrekoakaz jazo dan legez, liburu honek ez dau arkitektura gidaliburua izan nahi, ezta turismoaren sustapenerako ohiko ibilbidea be, inguru horretara egin ziran bisitetan erabilitako edukietan oinarrituz atondutako lana da. Planoak eta koloretako argazkiak dituan argitalpenaren helburua, herritarrak Bilbo beste begi batzuekaz bisitau deien konbidatzea eta Bilboko auzoen eta horreen ondare aberastasunaren ezagutza sakona sustatzea da. Kasu honetan, Bilboren jatorrietara eroango gaitu.
Iñaki Peredaren testuak eta Juanma Aparicioren argazkiak dituan liburuki argitaratu barriak, oinez egiteko bost ostera edo ibilbide jasoten ditu, Zazpi kaleetatik, Alde Zaharreko zabalgunetik, Atxuritik eta Olleriasetik, Bilbo Zaharretik eta Auzo Garaietatik eta Itsasadarraren beste ibaiertzetik eta Zabalatik ibilbide autonomoa egiteko aukerea emoten daben plano errazakaz.
Ibilbideetan behaketarako konbidapena egiten da, leku bakotxeko ezaugarriak jasoten dituen eraikin eta espazio publiko eta pribatuen berezitasunak eta zehaztasunak adierazoten baitira, bere garaian zer izan ziran edo gaur zer diran azalduz. Horrezaz gan, gidaliburuak, auzo bakotxaren fisonomia hobeto ezagutzeko ezinbestekoa dan azken urteetako historiari buruzko aitamen laburrak be jasoten ditu.
Osterek 150 puntu interesgarri baino gehiago jasoten ditue. Horreen artean atzoko eta gaurko higiezinak azpimarratu behar dira. Ezinbestekoa da geldialdia egitea antxinako harresietan, San Anton eta gizakundearen eleizetan edo Erriberako merkatuan, Zazpi Kaleetan enblematikoak diran saltoki batzuetan edo Yohn Jauregia, Euskal Museoa, Casa Cuna zaharra izenekoa edo dagoeneko desagertuta dagoan Ospitale Zibila lako higiezin berezietan. Gune garaietara egiten dan osterearen barruan ezinbestekoa da meatzaritzeagaz lotutako Bilboren iragana nabarmentzea.
Erdi Aroko Bilbo
Bildumako azken liburuki horrek Bilboko lehenengo okupazino guneak ezagutzeko aukerea emongo deutse bilbotarrei eta bisitariei, 1300. urtean sortutako erdi aroko urigunetik hasita. Batez be arrantzan eta burdin minerala metal bilakatzeko lanean ebilen herrixka txiki batean oinarritu zan, baina Itsasadarrean eban nagusitasunaren ondorioz merkataritza izaera sendoa jaso eban.
Denpora asko igaro orduko, uriaren hazkundeak mugak gainditu eta bertara sartzeko bideen ingurura zabaldu zan. Holan, alde batetik, denooreagaz jente askoko auzo bilakatuko ziran Erdi Aroko uri-bazterrak sortu ziran, Atxuri, Ollerias edo Bilbo Zaharra. Beste alde batetik, lehenengo zabalgunea agertuko da, Posta, Bidebarrieta eta Santa Maria kaleen inguruan. Argitalpen honetan San Frantzisko eta Zabala auzoak be agertzen dira. Abandoko eleizate zaharreko parte izan eta itsasadarraren beste aldean egon arren, hemen jasoten dira, Zazpi Kaleetako Bilbogaz izan daben lotura historiko estuagaitik.
Gaztelaniaz eta euskeraz argitaratu dan Jatorrizko Bilbori buruzko gidaliburuak 150 orrialde ditu, eta liburu dendetan erosi ahal izango da datorren astetik aurrera, 10 euroren truke. Horrezaz gan, Udal Liburutegi Sarean be ikusi edo etxera eroan daiteke. Bertan aurreko liburukiak be konsultau ahal izango dira, dagoeneko liburutegietan agortuta dagoan Deusturi buruzkoa eta Begoñakoa eta Abandokoa, hain zuzen be.