Sei ikastetxetako 143 ikasleren artelanak ikusgai dagoz Bilboko Guggenheim Museoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 23a, 08:00

Artea Ikasbide izeneko programearen bidez, neska-mutilek ikasgeletan sorkuntzea garatzeko aukerea euki dabe. Era berean, ikasturtean zehar ikasitako gaiak modu dibertigarri baten landu ahal izan ditue. Aurtengo kurtsoan, Gipuzkoako ikastetxe batek, Arabako bik eta Bizkaiko hiruk parte hartu dabe ekimenean. Sei eta hamabi urte bitarteko artisten lanak irailaren 20ra arte ikusi ahal izango dira Guggenheimen.

Museoaren hezkuntza gunean ikusi leitekez ikasle gazteen piezak. Era askotako formak eta koloreak topauko ditu bisitariak erakusketa horretan, izan be, ikastetxe bakotxean gai bat landu da eta bakotxak bere ikuspegia emon deutso. Holan, eskolako kurrikulumean sartzen diran gaiak modu errazean ikasi ahal izan ditue, sorkuntzea, talde lana eta irudimena moduko gaitasunak garatuaz batera. Irakasleek ez eze, Guggenheim Museoak bialdutako sei artistak be lagundu deutsie umeei euren artelanak egiten. Elssie Ansareo, Naia del Castillo, Iñaki Gracenea, Maider Lopez, Ainhoa Ortells eta Jorge Rubio jardun dira umeei laguntzen. Naia del Castillok azpimarratu dauenez, arteaz harago doazen baloreak indartzen ahalegindu dira umeen artean: Taldekako eta banakako lana egin dogu eta, holan, taldearen kohesinoa zein norberaren autoestimua landu ahal izan doguz.

Danetara, 143 ikaslek parte hartu dabe aurten Artea Ikasbide programan. Gipuzkoatik, Eibarko Arrateko Ama ikastetxeko neska-mutilak egon dira. Arabatik, Oiongo Ramiro de Maeztu eta Laudioko Lanuza ikastetxeek parte hartu dabe. Bizkaiari jagokonez, Bilbotik ikastetxe bi egon dira, Txurdinagako Birjinetxe eta Otxarkoaga LHI, Sestaoko Kuetogaz batera. Gaur goizean guztiak batu dira museoan eta jai bategaz aurkeztu ditue euren lan artistikoak.

Birjinetxe eskolakoek eskultura handi bi egin ditue, Naia del Castillo artistearen laguntzinoagaz. Eskulturak egiteaz gan, asko ikasi dogu, azpimarratu dau. Izan be, animalia bibiparo eta obiparoen arteko aldeak ikasteko balio izan deutse proiektuak. Daniela izeneko ikasleak azaldu dauenez, igeltsua eta egunkariko papela erabilita, arrautza handi eta koloretsu bi eregi ditue. Otxarkoagako LHIko neska-mutilek, barriz, emozinoak aztertu ditue Elssie Ansareo artisteagaz. Emozino bakotxari kolore bat emon deutsie, danen artean ados jarrita. Eibarko ikasleek egindako lana, bestetik, Iñaki izeneko ikasleak laburtu dau: Elikadureari buruz egin dogu geure artelana eta elikadura orekatua zelan lortu jakin ahal izan dogu. Bitamina gehiago jan behar dituela ikasi dabe eta ikastetxera frutea eroateko ekimen bat martxan ipini dabe.

Artea Ikasbide programeak ibilbide luzea bete dau dagoeneko, Guggenheim Museoaren eta BBK Fundazinoaren alkarlanari esker. 1998tik, 2.639 ikaslek, 28 artistak eta 186 irakaslek parte hartu dabe. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 127 ikastetxe dagoz edo egon dira egitasmoan sartuta. BBK-ko Gorka Martinezen esanetan, museoaren hezkuntza proiektuen artean, hauxe da harribitxia.

Osorik irakurri