Enrike Etxebarriaren artaldeagaz larre aldaketan parte hartzeko aukerea dago bagilaren 27an, Zeanurin

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 25a, 00:00

Enrike Etxebarriaren artaldeagaz larre aldaketan parte hartzeko aukerea dago bagilaren 27an, zapatuan, Zeanurin. Ana Mari bere arrebeak ur bedeinkatua bota eta San Joanek jagon daizala Arrabako landan! esaldiagaz artaldea artzainen patroiaren babespean jarri ostean, Uribeko Elexartza baserritik (Zeanuri) abiatuko dira Enrike Etxebarria eta bere ardiak Arrabako landara zuzentzeko, lehenago bere aitak eta aititak be urtero egiten eben ibilbideari jarraituz.

Antxinako indarragaz ez bada be, oraindino bizirik dirau abeltzaintzeak Arratian eta Gorbeia mendiaren inguruetako herrietan. Lur honeetan aspaldidanik abelgorri, zaldi, ahuntz eta batez be ardi aziendek bazkatzen dabe. Urtaroek dakarzan eguraldi aldaketen ondorioz, Gorbeialdeko abeltzainek mendiko larreak itxi behar izaten ditue; lehenengo edurtzakaz batera, pastoreak eta euren ganaduak haraneko barrutietara bajatzen dira, mendia lurmendu eta bedar barria ernetzen hasi arte bertan geratzeko.

Udabarrian naturea neguko letargiatik izartzeaz batera, barriro hartuko dabe gorako bidea basoko ganaduek, hurrengo negura arte Gorbeiako landa emonkor eta freskoetan bazkatuz. Antxinatik datorren ohitureari eutsiz, bagilaren 27an, zapatuan —ohikoa izan dan baino hilebete beranduago—, Enrike Etxebarriak eta bere artaldeak Elexartza baserritik urten eta Arrabako landarainoko ibilbidea egingo dabe. Gorbeiatik bajatu zanetik etxe inguruan jagon ditu ardiak Enrikek, eta azken hileotan, neguan eta udabarrian artzaintzeak eskatzen dituan beharrak egiteari gogor ekin deutso: lehenengo axurien jaiotzea, hazkuntzea eta salmentea, eta gero esnebatzea eta esne hori saltzea; ganera, aurten ardiak gora igon aurretik moztu ditu Elexartzan.


Gorbeiako egonaldia

Honezkero Gorbeia mendian bedarra hazi egin da eta ganaduak hartzeko prest azaltzen dira larreak janari gozoa eskainiz, horregaitik bertara igongo da Enrike artaldeagaz, hurrengo hileotan bere ardiek emongo deutsen esne aberatsaz goi mailako gaztaiak egiteko.
 
Garagarrilearen amaierara arte Lekandapean daukan txabolea izango da bere bizilekua eta artaldea jagotea, esnea batzea eta gaztaiak egitea egunero bete beharko dituan beharrak. Goizez eta arrastiz, berrehunen bat ardiren errapeak igaroko dira Enrikeren eskuetatik, jarraian gaztaigintzeari ekiteko. Holakoa izango da egunen joan-etorria, garagarrilaren 31k, San Inazio egunak, ardiak antzutu eta pastorearen udako mendiko egonaldia amaitu dala iragarri arte.


Labur-zurrean

- Artzaina: Enrike Etxebarria.

- Jaiotza eguna: 1943ko abenduaren 8a. Beraz, 71 urte daukaz.

- Jaiotza tokia: Zeanurin, Uribe auzuneko Elexartza baserrian.
 
- Bizitokia: Zeanurin, Uribe auzuneko Elexartza baserrian.

- Noiztik artzain: hamalau urte zituala, eskolea itxi, eta Basilio bere aitaren lanbideari heldu eutson Enrikek. Pastorea izateaz aparte, 1960 eta 1992 urteen bitartean Arrabako landan dagoan Mendi Federakundearen Aterpetxeaz arduratu ziran aita-semeak.

- Gorbeiako txabolea: Arraban dauka txabolea Enrikek, Lekandapean. Toki berberean izan eban babeslekua bere aita Basiliok. Orain dala hogeita hamarren bat urte txabolea barriztau egin eban eta apurka-apurka gaur egungo beharrizanetara egokitu dau; adibidez, eguzki energiaren bitartez lortutako argindarra dauka.
Txaboleari atxekituta gaztaitegia dago.

- Artaldearen bazkalekua: edurtzak heldu arte Arraban bazkatzen dau Enrike Etxebarriaren artaldeak.
 
- Udako zereginak: Enrikek uda aldean artaldea jagoteagaz batera bete beharko dituan zeregin bereziak honako honeek dira:

* Esnebatzea: birritan egiten dau, goizean eta iluntzean.
* Gaztaigintzea: birritan egiten dau, goizean eta gauean.


Larre-aldaketearen ganeko zehetasunak

- Hitzordua: Bagilaren 27a, zapatua.

- Bilera puntua: Zeanuriko plazan, goizeko 09:00etan.

- 09:15ean: Elexartza baserriaren aurrean Enrike Etxebarriagaz alkartzea.

- 09:30ean: Elexartza baserritik Gorbeiarantz abiatzea.

- 12:30ean: Arrabako landan, Enrikeren txabolara heltzea. Txabolea bisitau eta hamaiketakoa egiteko aukerea izango da.

- 13:00etan: Jatsierea, abiapuntura heltzeko.

- 14:30ean: Abiapuntura heltzea.

 

Osorik irakurri