Labayru Fundazinoak esamolde eta lokuzinoak batu ditu Hiztegi Fraseologiko barrian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko eka. 25a, 00:00

Proiektuaren lehenengo fasea martxan dago dagoeneko, eta webgunean konsultagai. Gaztelaniazko esamolde eta lokuzino bereziak euskeraz zelan esan leitekezan batzen dauen zatia ipini dabe oraingoz, aurrerago euskeratik gaztelaniarako partea lantzeko asmoz. Gaztelaniazko 3.500 lokuzinotik gora dakarz Labayruren Hiztegi Fraseologikoak, hareen euskerazko ordainakaz batera. Eten barik barritzen joango dan tresnea izango da, on-line hiztegi batek emoten dituan abantailei esker. Labayruren hiztegiak konsultau ahal izateko, webgune barritua atondu dau Fundazinoak: hiztegia.labayru.eus

Berbak itzultzeko balio daben hiztegien aldean, Labayruk aurkeztu dauen honek hizkuntzearen kolorea eta saborea batzen ditu, Adolfo Arejita Fundazinoko zuzendariak azaldu dauenez. Hizkuntza neutro eta hotza barik, hizkera bizia jaso dogu. Izan be, Josune Ariztondo Bizkaiko kultura diputaduak adierazo dauenez, esamoldeetan, hizkuntzearen sena gordeten da, hizkuntza bakotxa bere kontestuan eta kulturan kokatzen dau.

Labayruren hiztegi fraseologikoak gaztelaniazko 3.500 esamolde eta lokuzino baino gehiago batzen ditu, adibidez llover a cantaros edo no dar un palo al agua. Euskerazko ordainak emoten ditue gaztelaniazko esamolde guztietarako. Euskerazko 18.000 ordain baino gehiago topau ditue. Sinonimoez eta adibideez hornidu dabe, ganera, hiztegia. Erderazko esamoldeen itzulpenak euskera batuan dagoz kasu batzuetan, beste batzuetan, barriz, bizkaieraz. Herri jakintzatik zein idazleen lanetik hartu ditue esaldiak. Ziortza Eguren Labayruko lexikografia arloaren arduradunak dinoanez, euskera aberats eta bizia erabili nahi dauen edonorentzat izan leiteke hiztegi hau. Ariztondoren ustez, aldiz, euskaldun zahar eta barri guztientzat izan leiteke erabilgarria: Esamolde batzuen ordain egokia topetea gatxa izaten da sarritan, ganeratu dau kultura diputaduak.

Hiztegi Lexikografikoa ez da proiektu estatiko bat. Barritzen, osotuten eta hobetzen doan hiztegia dala azpimarratu dau Ziortza Egurenek. On-line egotearen abantailea da eten barik gaurkotu ahal izatea. Aurrera begira, hain zuzen be, gaztelaniatik euskerarako atala handitzea izango da erronka nagusia, euskeratik gaztelaniarako zatia sortzeaz gan. Zeregin horretan, lantalde handia eta urte luzetako ahalegina dagozala gogoratu eragin dau Egurenek.

Hiztegi Fraseologikoa eta lehenagotik plazaratutako Euskera-Gaztelania eta Gaztelania-Euskera hiztegiak jaso eta konsultagai ipinteko, webgune barria atondu dau Labayru Fundazinoak. Webgune funtzionala, erabilten erraza da, azpimarratu dau Ziortza Egurenek. Tablet, telefono mobil eta antzekoetatik erabilteko erabat egokituta dago. Batez be, konsultak egiteko erosoa izango dan webgunea egin nahi izan dogu, azaldu dabe Labayrukoek. Erabiltzaileakaz hartuemon estua eukitea erraztuko dau webguneak eta edonork egin ahal izango ditu iradokizunak, Egurenen esanetan: Esamolderen bat zuzendu edo agertzen ez dan barriren bat proponidu nahi izan ezkero, horretarako bideak emoten dira. Ariztondok dinoanez, teknologia zenbat eta gehiago erabili, biziagoa izango da euskerea. Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako kultura zuzendaria bat etorri da baieztapen horregaz: Hiztegiak eta webgune barritua erreminta erabilgarriak izango dira, euskereari aurrerapausua egiten lagunduko deutsie.
 

Osorik irakurri