Bai Euskarari Sarien banaketa ekitaldia gaur, barikua, bagilaren 26an, egingo da Donostiako San Telmo Museoan, 14:00etan. Urtero legez, hiru sari emongo dira: Bai Euskarari Laguna saria Gaizka Garitano futbol entrenatzaileak jasoko dau eta Euskal Herria Esnea eta Nekatur izango dira aurtengo sarituak.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko arduradunek gogorarazo dabenez, 15 urte bete dira aurten Bai Euskarari Ziurtagiriak sortu zirala. Urte honeetan guztietan Bai Euskararik egindako lana eta eragindakoa autortzeko eta aintzat hartzeko garaia da, adierazo dabe.
Kontuak kontu, Bai Euskarari Laguna saria Gaizka Garitano futbol entrenatzaileari emongo jako, azken urteotan, lidergo gaitasun sendoa erakusteagaitik eta hain mediatikoa dan futbolaren munduan euskeraz era koherentean jokatzeagaitik. Agerraldi publikoetan euskerea lehenesteko orduan sortzen diran zailtasunei aurre egiten jakin dau eta eredu bat eskaini deutso hiztun komunidadeari, nabarmendu dabe.
Era berean, Euskal Herria Esnea enpresea be sarituko dau Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, tradizinoa eta sustraiak garai barrietara egokitzen jakin dauelako eta euskerea ikur ez eze lan-tresna be badauelako. Euskal Herria Esneak bere ezagutzatik negozioa bideratzen jakin dau, eta erreferentziazko marka bilakatzeko bidean da, lehia handia dagoan sektorean.
Beste alde batetik, Nekatur Euskadiko Nekazaritza Turismo eta Landa Etxeen elkarteak be saria jasoko dau, turismoaren arloan euskerearen alde egin dauen apustuagaitik. Kalidade turistikoaren bermea ez eze, euskerearen bermea be badauka Nekaturrek eta, horregaitik, azken urteotan egindako lana autortu nahi deutso Ziurtagiriaren Elkarteak.
Lanaren errekonozimendua
Aurten 15 urte egin ditu Bai Euskarari Ziurtagiriak eta elkarteak urteurrena ospatu nahi dau Bai Euskarari komunidadea osotzen daben danakaz. Gaur egun 1.350 enpresa, saltoki eta era guztietako entidade inguruk dabe Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan, eta komunidade hori sendotzen eta handitzen jarraitu nahi dau alkarteak.
Bai Euskarari Ziurtagiria 2000n sortu zanetik, handia izan da Bai Euskararik alor sozioekonomikoaren euskalduntzeari egindako ekarpena, ugariak eragindako aldaketak eta azpimarratzeko modukoak ziurtagiria daben erakundeen urte honeetako pausuak eta lorpenak. 15 urte honeetan arlo sozioekonomikoan mugarri asko eskuratu doguz, proiektu barriak abiarazo (Enpresarean, Lansarean) eta beste batzuk martxan jarteko eragin dogu, azaldu dabe.
Edozelan be, oraindino lanean segidu behar dala azpimarratu dabe, egindako lanaren autortzea egitea komenidu dan arren.