Rohingya etniaren kontrako genozidioa geratzea juduak holokaustotik salbetea baino errazagoa izanda be, nazinoarteko komunidadeak ia ez dau ahaleginik egiten, pasibotasun horrek ekarri deuskun tragedia onartzen dauen arren. Gure populazinoaren erdia akabau orduko mundua ez dala mobilizauko, horren ikarea daukat, U Kyaw Min ernegauta eta etsipenak jota dago. Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko Alderdiko presidentea da. Myanmarreko -antxinako Birmania- ekintzaile rohingya bakarrenetakoa da, herrialde haretan gehienbat musulmana dan etnia horretako 1,3 miloe persona bizi dirala kalkuletan bada be. Milaka rohingya noraezean daroazen ontzien kontua, garbiketa etnikorako Birmaniako Gobernuaren estrategiaren parte da. Herritartasuna ukatzea, jaubetzak eta mobimentuak mugatzea eta jaiotzak indarrez kontroletea moduko teknika errepresiboakaz, jentea gosez hil eta tortura eta jazarpenaren ikaraz bizitera eroan dabe. Halandaze, askok nahiago dabe itsasoan hiltera arriskatu, euren herrian bertan sufriduten segidutea baino.
Min and.a jakinaren gainean dabil. Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunagaz batera parte hartu eban ejerzitoak gogor zigortutako 1988ko mobimentu demokratikoan eta Suu Kyi and.ak irabazitako 1990eko hauteskundeetan diputadu hautetsia izan zan, militarrek aitatu hauteskundeetako emoitzak onartu ez zituen arren. Aurrerago, Batzorde Militarrak 47 urteko kartzela zigorra ezarri eutson aktibismo politikoari eusteagaitik. Zazpi urte emon zituan kartzelan bere emazteagaz eta eta hiru semeakaz eta 2012an askatu eben, aurkeztu zaneko hauteskundeetatik aurtengo amaieran lehenengo hauteskunde libreak izango diranakaz amaituko dan prozesu demokratikoaren barruan. Askatu ninduenean, argi neukan politikan jardun behar nebala rohingya etniakoen eskubideen alde lan egiteko; nire alaba zaharrena be gure etniako emakumeen babeserako alkarte batean dabil zuzendari.
Halan da be, Gobernuak rohingya berbea erabili be ez dau egiten etniaren erreferentzia egiteko. Ez dau etniatzat hartzen. Birmaniako agintarientzat Bangladeshetik etorritako legez kanpoko etorkinak dira eta jarrera horregaz bat egiten dau Demokraziaren aldeko Liga Nazionala dan Suu Kyiren alderdiak be. Ganera, makinatxu bat agiri historiko aitatzen ditu jarrera hori arrazoitzeko. Rohingya gehien dagoan egungo Rakhine estadua lehen India izan zanekoaren mugan dago. Beraz, Bengalako herritarren arpegierea dogu geuk be. Geroago etorri ziran britainiarrak baina 1826an egindako lehenengo erroldan rohingya etniakoak aitatu zituen eta datu horrek erakusten dau kolonizazinoaren aurretik be hemen gengozala. Azkenik, independentziagaz Rakhine Birmaniaren parte izatera pasau zan 1948. urtean azaldu dau Min and.ak. Orain, barriz, Gobernuak sinistuarazoten deutse herritarrei gu europar kolonizatzaileakaz heldu ziran indioak garela baina hori ez da egia. Izan be, Aung San buru eban 1947ko Konstituzino Batzordean rohingya etniako lau ordezkari egozan eta sasoi haretan, bertakoak baino ez zituen onartzen. Ganera, aurrerago hiru aldiz botoa emoteko eskubidea izan genduan eta ganerako herritar guztien eskubideak autortzen euskuezan.
Kontuak kontu, ez da harritzekoa Nazino Batuen erakundeak adierazotea rohingya etnia dala munduan jazarpen maila handiena jasoten dauena eta horren eraginez, persoen trafikoan dabizan nazinoarteko mafia edo gaizkile taldeek rohingya etniakoakaz salerosketan jardutea; Malasia edo Indonesiara iges egiteko ustez erraztasun guztiak emoten deutsiez baina ontziratu eta Tailandia eta Malasiako basoetan bahituta eukiten ditue igesaldiagaitik kobretan daben 2.000 euroko dirutzea batu bitartean. Asteotan 150 bat hilobi agertu dira aitatu legez kanpoko kanpaleku horreetan eta bortxatu eta umedun geratu diran emakumeen makinatxu bat kontu zabaldu dira; holakoakaz zur eta lur geratu da nazinoartea baina Myanmarrek behin eta barriro esan dau holako jazoerakaz ez daukalak zerikusirik.
Min and.ak behin eta barriro dino: Zelan esango dogu Bengalakoak garela gure birraititak herrialde honetan jaio baziran? Egungo krisia ez da konponduko Myanmarrek eskubide osoko herritartzat hartzen ez gaituen bitartean. Malasiak eta Indonesiak itsasoan noraezean dabizan 7.000 rohingya hartzeko asmoa azaldu dau eta hori positiboa izan arren, benetako konponbiderik ez dakarren erabagia da. Myanmarrera aberriratzea eta Rakhinen ezarritako kanpalekuetatik kanpo seguridadea eta bizimodu duina eskaintzea dira konponbiderako giltza. Rakhinen 140.000 lagun bizi dira pilatuta eta gorrotoa indarra hartzen dago 200 hildako baino gehiago eragin zituen 2012ko istiluak izan ziranetik guzurretan dabilzalako gu bortxatzaile eta lapur edo eskuluzetzat joteko.