Etxepare Euskal Institutuagaz batera eratutako Eduardo Chillida Katedrearen sorkuntzearen harira, Frankfurteko Goethe Universitätek eskultorea, euskal egilearen artelana eta bere garaikideak ardatz izango dituan nazinoarte mailako kongresua antolatu dau. Ekitaldia Frankfurteko Goethe Universitätaren Mendebaldeko Kanpusean egingo da garagarrilaren 3tik eta 5era bitartean, Forma-Materia-Espazioa: Chillida eta bere Garaikideak izenburupean.
Chillidak, sarritan, euskarriaren espezifikotasuna eta formearen metafisikea nabarmentzen dauen diskurso artistiko eta filosofikoaren alorrean kokatzen eban bere obrea. Berak, Brancusi, Braque eta Giacomettiren lan artistikoaren izaerea eban eredutzat; eta Martin Heideggerregaz izan zituan hartu-emon filosofikoei esker, izate infinitu propioa dauen espazio ontologiko lez ulertzen dan espazio eskultorikoaren kontzeptua garatu eban.
Kongresuak Chillidaren adierazpenetan oinarritutako ohiko interpretazinoen inguruan barriro hausnartzen dau: estetika modernistearen etenik bako jarraipentzat hartu beharrean salbuezpenezko irakurketa bat eginez, hau da, garaikide dituan Donald Judd, Sol LeWitt eta Anthony Caro artista minimalista eta kontzeptualen artean kokatuz.
Kongresu honen kontzeptua, Artearen Historiaren Institutuan garatu da, Goethe Unibersidadean, Jon Wood (Henry Moore institutua, Leeds), Thomas Kirchner (artearen historiaren foro alemana, Paris) eta Carl Justi alkarteagaz alkarlanean.