Atzo goizeko bederatzietan emon jakon hasierea VI. Ahoa Bete Hots jardunaldiei: Emozinoak eta umorea ahozkotasunean lemapean. Hainbat ikuspegietatik landuko da emozinoa hiru egunotan eta horren erakusle izan da lehenengo saioa, ikuspegi sozial eta orokor batetik hasi eta ipuingintzea, marrazkigintzea eta bertsogintzea be izan baitira talai. Kantuzale Elkarteko kide eta jardunaldien antolaketan parte hartu dauen Juan Luis Aranburuk egin ditu aurkezpen lanak, eta harek hartu dau Amaia Vazquez psikologoa aurkezteko ardurea.
Vazquezek jentaurreko jardunean egiten dan emozinoen kontrolaren inguruko berbaldia eskaini dau. Emozino berbea latineko astindu berbatik datorrela gogoratu dau baina halan da be, astindu hori gordeten saiatzeko ahalegina egiten dogula gizartean. Esangura horretan, desikasi egin behar dogula esan dau: gure emozinoen lagun egin behar gara, ez erakutsi jakun moduan horreen kontra burrukan egin. Adierazo egin behar dogu sentiduten doguna eta sentimendu horreek zeharkatu. Emozino horreek norabide zehatz bati begira erabiliko doguz: poza da gure iparra eta horren arabera kudeatuko doguz emozinoak.
Ondoren, Itziar Zubizarretak, Galtzagorri Elkarteko kideak eta Bularretik Mintzora proiektuaren arduradunak hartu dau lekukoa. Ipuin klasikoak hartu ditu adibide ipuingintzan emozinoakaz egiten dan trataerea aztertzeko: Andersenek sekulako hizkuntza literarioa erabilten eban bere ipuinetan. Gerora istorioa sinplifiketako egin dan ariketan, ostera, emozinoak iruntsi dira eta horreekaz batera istorioa eraldatu eta baita moraleja edo irakaspen mezua be. Zenbaitetan gordinak emoten daben mezuen atzean agertzen dan sinbologia be azaldu dau, eta baita ohiko istorioetan agertzen diran elementuak be, iniziazino errituak kasu.
Atsedenerako tartea eta gero, Asisko Urmenetak bere saioari heldu deutso. Euskal Irria izeneko berbaldia eskaini dau, komikiak erabiliz, gizarte bateko kulturak umorean zelako eragina dauen erakutsiz eta alderantziz, marrazki jakin batek gizarte jakin batean eragin leikena azalduz: umorea ez da sekula neutroa. Euskal umoreari jagokonez, auzokoak karikaturizaukeran poliziaren irudia erabilteko jokerea dogula azaldu dau eta normalean, sexua nahiko gitxi agertzen da.
Berbaldia amaituta, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariak lagun hartuta, Marrazkirriatutako Bertsoak bat-bateko saioa eskaini dau, batak marrazten eta beste biak bertsotan (eta marrazten be bai) inprobisatuz.
Garagarrilak 2
Jone Miren Hernandezek abiatuko dau bigarren eguneko saioa; bertsolaritzan jarriko dau begiradea EHUko antropologia irakasleak eta ikertzaileak. Umorea osogai nagusitzat daben bertsolari txapelketak ezagutarazoko ditue gero Lorea Arburuak, Imanol Epeldek eta Oxan Altunak. Atsedenaldiaren ondoren, Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariak ekingo deutso Zelan landu emozinoak antzerkian tailerrari. Itziar Irigoien Ahoa Bete Hotseko batzorde kideak egingo ditu aurkezle lanak.