Iñigo Garatuk industria-paisajea betikotu dau argazkietan eta eskulturetan 'Work spaces' erakusketan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 6a, 08:00

Iñigo Garatu artista gaztea Bilbao Artek produzidutako 2015eko laugarren erakusketearen protagonista da: Work spaces. Argazkiak egiteko eta eskulturak sortzeko proiektu hori industria astuneko fabriketan oinarritua dago eta gure lurraldeko lan alorreko gaur egungo testuinguruan kokatu behar da. Argazki erakusketa horretan Bizkaiko industria izaerako lekuen ikuspegi desbardina azaldu nahi da, eta horreen artean funtzionetan dagozan eta bertan behera itxitakoen industria-eraikinen kanpoaldeak ikusiko doguz.

Proiektua osotzeko forma geometriko xumeko hainbat eskultura-lan sortu ditu egileak eta horreekaz laneko barruko-gune bat osotu da. Erakusketa bitxi hau Bilbao Artek Urazurrutiako 32an dauen aretoan dago ikusgai; publikoarentzat zabalik egongo da garagarrilaren 24ra arte, 17:30etik 20:30era bitartean astelehenik barikura.

Iñigo Garatuk produkzino artistikoko beka bat irabazi eban Bilbao Arte Fundazinoan 2014an eta horren proiektua epaimahai batek hautatutako zazpietako bat izan da, 2015ean banako erakusketa batean parte hartzeko joan dan urtean aurkeztu ziran 36 bekadunen artean. Arte Ederretan Graduatua da eta Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboan Masterra dauka. 

Artistea 1990ean jaio zan eta Iurretan bizi da. Durangaldean natureak ganezka inguratutako fabrikak dituen industria-paisajeetan oinarritu da. Horreen artean, badira ezagutu geinkezan batzuk. Argazkietan agiri diran fabrika horreetako gehienak funtzionamenduan dagoz, langileak murrizteko prozesuetan egon arren, eta gainerakoak geldi dagoz.

Iñigo Garatuk industria eta gizartearen errealidade honen atalak lotu ditu helburu bategaz: Gune horreetako argazkiakaz memoriaren zati bat osotu nahi dot eta gure historiaren dokumentu bat izatea nahi neuke, horreetako asko zarratzen, eraldatzen edo eraisten dagozalako, azaldu dau argazki digitalakaz produzidu ondoren lan handi bat egin dauen artisteak. Arratia Haraneko eta Nerbioi ibaiaren Ezker Aldeko fabrikak be ikus daitekez erakustaldi honetan.

Argazkiez gan, Work spaces honetan eskultura-lanak be sartu dira. Zur eta marmol mueta desbardinetan egindako laneko gune txikiak sortu nahi izan dodaz poetikoki azpimarratu dau Garatuk. Eskulturen artean, aitatu beharrekoak dira soinua eta argia dituan kaxa handi bat eta sabaitik zintzilik dagoan eta argazkiak eta pinturak dituan eskultura bat. Bi pantailetan ganera bi argazki-serietako irudiak ikusi ahal izango doguz: Industrial spaces (6) eta Wild industry (6). Bere lan horretan krisialdi garaiotan langileen burrukak gizartean itxi dauen arrastoa be agirian itxi nahi izan dau eta horretarako jarri ditu Indignados edo The factory ataletako argazkiak.

Work spaces da banako bere lehenengo erakusketa handia. Lehenago, Iñigo Garaturen lana erakusketa kolektiboetan ikusi ahal izan da, besteak beste, Windsor Kulturgintza galeriako Saiaketak erakusketan, BBVA Fundazinoaren Erakusketa Aretoan egindako Ikus Entzunezko 25. Erakusketan edo Carlton Hoteleko Arte III Lehiaketan. Gainera, banako erakusketak be egin ditu Eibarko Portalea Aretoan, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta La Albercako (Salamanca) Manuel Rejano Kultura Etxean, besteren artean.

Iñigo Garaturen erakusketearen ondoren, Bilbao Arteko aretoan honako erakusketa honeek antolatuko dira: Surfaces, Marie Sommer artistearena (irailaren 4tik 25era); Matriz, Iago Rey de la Fuente artistearena (urriaren 2tik 23ra) eta Proprioception Alessandra Torres artistearena (urriaren 30etik zemendiaren 20ra). Aurten, 39 artista egiten dagoz egoitza artistikoa Bilbao Arten, Bilboko zentro honek BBK Fundazinoaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen deutsiezan bekei esker.

Osorik irakurri