Garagarrilaren 8an, 8:45ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 1.612 ikaslek hasiko ditue unibersidadera sartzeko probak UPV/EHUn, ezohiko deialdian. Ohiko deialdian, Batxilergoko 9.460 ikasle aurkeztu ziran, eta, erreklamazinoen prozesua amaituta, % 98,45ek gainditu eban fase orokorra.
Gainera, ezohiko selektibidadean, Lanbide Heziketako 50 ikasle matrikulau dira fase espezifikoa egiteko.
Azterketak hiru egunetan zehar egingo dira, barikura arte, garagarrilaren 10era arte. Araban, Elurreta ikasgelategia; Bizkaian, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikona (Luis Briñas kaleko sarreratik, 3. pisua); eta Gipuzkoan, Ignacio Mª Barriola ikasgelategian.
Unibersidadera sartzeko probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituen ala ez neurtzea dau helburu. Honako bost azterketez osotuta dago: Gaztelania eta literaturea; Euskerea eta literaturea; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntzea eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko ikasgai baten azterketea, ikasleak nahi dauena. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortu ezkero probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu lortu baditu.
Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, hau da, unibersidadean egin nahi dituan ikasketakaz zerikusia daben arloetan. Fase honek aukerea emoten deutso ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazinoa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakotxak Batxilergoko bigarren mailako modalidadeko edozein gai aukeratu leike, fase orokorrerako aukeratu dauena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango ditue fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango ditue. Gai bakotxari 0 puntutik 10 puntura bitartean emongo jako, gitxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko notea aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibersidadeak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduagaz dauen loturearen arabera.