Rakel Mateo: 'Muletakaz korrika egiten dodanean ez dot neure burua arraro ikusten'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 6a, 00:00

Rakel Mateo paratriatleta mungiarra 2016ko Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko gogor dabil beharrean, nazinoarteko hainbat probatan parte hartzen. Mateo Espainiako aurtengo paratriatloi txapelduna da, eta igaz Munduko paraduatloi txapela jantzi eban.

Suitzan, garagarrilaren 10an jokatuko dan probearen atarian atrapau dogu Rakel bere agenda bildurgarrian tartetxu bat hartuta.


1.- 2016ko Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetarako sailkatzeko prozesua zelan doa?

Oraintxe momentuan 8. postuan nago baina ez da sailkapen erreala, kontuan hartuta oraindino txapelketa kontinental danak ez dirala jokatu. Ameriketan bai egin dabe eta, beraz, hango kirolariak aurretik dagoz sailkapenean baina garagarrilaren 10ean, Suitzan, Europako txapelketea jokatu bitartean, hortxe 8. egongo naz. Hortik aurrera sailkapena orekatuko dala pentsetan dot eta apur bat gorago kokatzea, pare bat postu edo gora egitea.

Bien bitartean, indarrez eta animo aldetik indartsu ikusten dot neure burua, ilusino handiagaz nabil eta mundu guztiaren laguntzinoagaz pausuak emoten gagoz.


2.- Mundu mailan zabiz lehian eta horrek aurrekontuaren zein kirol mailearen eta esfortzuaren aldetik sekulako ahalegina eskatzen dau. Zer moduz zabiz?

Ondo. Laguntzino handia daukat eta hori barik ezinezkoa izango litzateke nagoan lekuan egotea. Aurrekontuari jagokonez, 2015. urteari eutsi ahal izateko 30.000 euroko dirutzea behar dot eta asko emoten dauen arren, nasaiago ibilteko gehiago beharko neuke, pentsaizu dirua aurrezteko bidaiak neuk bakarrik egiten dodazala. Beste persona bat baletor, aurrekontua ia-ia bikoiztu egingo litzateke eta gaur egun ezin dot holakorik egin.

Zorionez, alkartasun eta berotasun handia jasoten nago, jentea oso hur sentiduten dot eta hori sano lagungarria da.


3.- Oraintsu Rakel Mateo I.- Igeriketa Solidarioa egin zan Getxon. Laguntzino guztia behar-beharrezkoa da...

Bai, holan da. Bakotxak ahal dauen neurrian laguntzen deust eta sarritan Facebook sarean be Atsegin dot bat jarten deustienean gustora hartzen dot, holakoa naz, energia kolpe moduan harzten dot aurrera egin ahal izateko.

Getxokoa sekulakoa izan zan, emozionau egin nintzan jentearen babesagaz; Total Inmersioneko Joseba, uger egiteko saioetan nire entrenatzailea izan zan dana abiarazo ebana eta Yokohamatik bueltan zenbat jentek egin eban bat ekimenagaz ikusi nebanean, zurtz eginda geratu nintzan. sarritan esan dot mila bizitza beharko dodazala jentearen babes guztia eskertzeko. Laguntzino guztia sano inportantea da eta emozionau be egiten naz ze Mungiako San José Etxe Alai erresidentziako edadekoak panpin txiki batzuk egiten ibili dira gero saltzeko eta diru hori neuretzako izatea erabagi dabela esan eustienean, atara kontuak.


4.- Gaur egun Getxoko Lantegi Batuaken dozun lana eta entrenamentu saio luzeak zelan buztartzen dozuz?

Ez da erraza. Tetris jokua emoten dau nire bizimoduak, egunak dituan 24 orduak labur geratzen jataz baina kasu honetan be, eskerrak emotea toketan jat, izan be, Lantegi Batuak erakundeak asko laguntzen deust, Rio helburuagaz bat egin dabe eta orain ordu gitxiago egiten dodaz beharrean. Jarduera osoa kirolari emotea izango litzateke egokiena baina oraingoz ezinezkoa da hori. Horrek ze ondorio dakar, beharretik aparte dodan aisialdirako denpora guztia entrenamentuek jaten deustiela, ahalik eta gehien entrenetan saiatzen naz baina, jakina, deskantsurako tarteak be hartu behar dira eta holako egoeretan oso gatxa izaten da.

Riorako burrukan dabilen jentearen artean, danetarik dago, esan gura dot badagoz batzuk kirolari % 100 eskaintzen deutsienak eta nire antzera, beharra eta kirola buztartzen dabenak.


5.- Jessica Rodriguez da zure entrenatzailea. Ondo konpontzen zarie?

Bai. Oso pozik nabil. Talde oso ona osotzen dogu eta danen artean zeozer lortuko dogulakoan nago.


6.- Zelakoa da zuretzat egun bat goizetik gauera? Zer egiten dozu?

Beharrean nabilenean, goizeko 6:00retan jagiten naz, armozua jan, bestelako etxeko behar batzuk egin eta 8:00retan hasten naz beharrean. 13:00ean, beharra amaitu eta etxera joaten naz bazkaltzen. Egun batzuetan, barriz, beharretik urten eta di-da edozer jaten dot ahalik eta azkarren entrenamentuei ekiteko. Etxera banoa, apur bat deskantsau be egiten dot. Uger eta korrika saioak toketan bajataz, dana segiduan egiten dot. Gaur, berbarako, bazkaldu, apur bat deskantsau eta zugaz barriketaldi hau amaitzen dogunean, bizikletan pare bat ordu edo egingo dodaz. Gaua berehala dator eta kontuan hartu, bakarrik bizi nazela eta etxeko lanak be neuk egin behar dodazala.


7.- Orain gitxi hasi zinan kirola egiten. 2001ean izan zenduan lan istripuaren ostean, 2010ean hartu zenduan bizikletea lehenengoz eta gaur egun txirrindularitza egokituaren elitean zagoz...

Bai. 2010ean, ezkerreko hankan dodan urritasumera egokitzeko bizikletan hainbat moldaketa egin ostean, lehenengoz hartu neban bizikletea eta urtebete geroago edo hasi nintzan lehiatzen. Igaz, barriz, kapaz izango ete nintzan egiaztatzeko, Zumaiako triatloian parte hartu eta urritasunik bakoen denporetan ibili nitzanez, aurrera egin neban, duatloi eta triatloi modalidadeetan lehiatzen hasi eta urte horretan bertan munduko txapeldun izan nintzan. Azken aldion, bete-betean nabil Rio 2016 Paralinpiar Jokoak preparetan. Lehiari jagokonez, txirrindularitzea eta duatloiak oraingoz bazterrean itxita daukadaz eta % 100 nabil triatloia preparetan.


8.- Burrukalaria zara. Txirrindularitza egokituaren elitean egon arren, erronka barriak hartu dozuz. Nondik ataraten dozu indarra?

Ez dakit. Beti planteetan dodaz asko kostetan jatazan gauzak baina holakoa naz. Bizikletan ibili gura nebala erabagi nebanean, arazo handiak nituan ze ezkerreko hankea ezin dot tolestu eta bizikleta normaletan ezin naz ibili, bizikletea egokitu behar izan dogu eta nik neuk be ikasi egin behar izan dot bizikletan ibilten, zoramena izan da hori guztia baina azkenan gauzak ondo doaz. Era berean, triatloiarena buruan sartu jatanean, korrika egiten be ez nekian, muletakaz korrika egitea zer dan ez nekian eta hor be ikasketa prozesua behar izan neban. Erronka handiak hartzen dodaz non sartzen nazen jakin barik baina oraingoz aurrera noa.


9.- Zein da gehien gustetan jatzun espezialidadea, uger egin, bizikletan ibili ala korrika egin?

Triatleta danok moldatzen gara hobeto modalidade batean eta okerrago beste batean. Baina muletakaz korrika egiten dodanean ez dot neure burua arraro ikusten, ondo asimilau dot holan korrika egitea. Nire kategorian, muletakaz korrika egiten dauen neska bakarra naz eta hori muga bat da niretzako, besteak Oscar Pistoriusenak lako balezta-protesiak daroez. Nik neuk besoakaz eta eskoiko hankeagaz korrika egiten ikasi dot eta badakit esfortzu gehiago egin behar dodala eta, beraz, indar gehiago behar dodala baina mugea baino gehiago suspergarri be bada hori niretzako ze holan badakit uretan eta bizikletan gogorrago lan egin behar dodala.


10.- Saiatu Fundazinoa klubagaz lehiatzen zara baina nazinoarteko hitzorduetan baldintza zorrotzak dagoz...

Bai. Nazinoartean lehiatzen garenean, Espainiako selekzinoaren erropea eroan behar dogu nahitaez. Hori bai, tarte batzuk doguz publizidadea sartzeko, ez askorik baina hor sartzen dodaz ni babesten nabenen izenak eta logoak: Saiatu, Lantegi batuak, Mungiako Udala, Alkon Racing...


11.- Lehiatzea be ez da txarra izango baina behin haraino joanda, Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan ze asmo izango dozu?
 
Duda barik, han egotea saria da niretzako, helmugara azkena heldu arren... Baina hori esan egiten da eta nik neuk ahalik eta ondoen egiten saiatuko naz.


12.- Rioko proban, 750 metro uger, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika izango dira...

Bai. Sprint distantziak dira horreek, beti egin izan dodazanak eta, beraz, ia egindako lan guztiak ondorioak dakarzan. Holan espero dot.
 

Osorik irakurri