Jabier Lauzirika astegoienean joan jaku, ezustean, agur esateko aukerarik emon barik. Bilbo Hiria irratiko esataria zan Apolo, baina beste hainbat saltsatan be ibilia zan. Urte luzez Gabriel Aresti euskaltegian euskera irakasle ibilia, Zenbat Gara alkartearen eraketan zein Kafe Antzokiaren sorreran be aparteko zeresana izan eban. Ondoren, kultura kezkak komunikabideen sustapenera eroan eban, Bilbo Hiria irratiaz gan, Bilboko euskerazko tokiko telebistarena kasu.
Durangon eukazan erroak Jabi Lauzirikak, Tabirako Ibaizabal erreka mehearen ibarretan. Bizitzak sorterriko ibaian behera eroanda, aspaldion Bilboko baldosa bustietara moldatuak zituan oinazpiak, egunerokoak, eginak eta egin asmoak bertan izanik, euskerearen inguruan eta euskeraz beti. Bihotza, barriz, Baxenafarroako Arrosan eban Apolok; bertan zala joan jaku, 55 urtegaz, maite zituan pentze eta bidexka artean ebilela.
Apoloren faltea hartuko dogu, Zeingou asteburuan? eta Potto saioetan, Ibaizabal magazinean… Irrati honetako mikrofonoetan ez eze, Zenbat Garako arlo ugaritan: era guztietako jai eta bilkuretan prestatzen euskuzan bertso-papelak, bere bertsolaritzearen inguruko berbaldiak, gizarte eta politika gaiak aztertzean isiltzen ez zituan kritika zorrotzak, Algara konpartsako otorduetan prestetan zituan plater gozoak… Bere umore garratz eta irreberentea gogoratuko dogu guztiaren gainetik.
Bertsozale porrokatua genduan Apolo, hamaika bertso-saio antolatutakoa eta bertsolaritzearen ganeko gure Potto saioaren bultzatzailea. Bilboko Potojorran bertso-eskolan be haren faltea hartuko dabe, Iñakiren tabernako eguenetako bertso-bilkura heterodoxoetan eta bere bat-bateko zein papelezko bertso-libelo zirikatzaileetan.
Gu bere galera barruratu ezinik gagoz oraindino. Horregatik, otoi, parkatuko diguzue lagunok, egunotan oso fin ez bagabiltza.
Agur, Apolo, ez zaitugu inoiz ahaztuko. Zuen azken Potto-n esaten zenduen legez: Egindakoaren damurik ez!