Deabru Beltzak euskal konpainiak eta Les Commandos Percu frantsesek emongo deutsie amaierea Bilboko Kalealdiaren aurtengo edizinoari. Bi konpainien ikuskizuna, Danbor talka / Le choc des tambours izenburukoa, bariku eta zapatu gaueko 00:00etan izango da ikusgai, Nafarroa kalean hasi eta Arenaleko kaian egongo dan eszenatokian amaitzeko.
Bilboko Udalak jakinarazo dauenez, Deabru Beltzak nazinoartean oihartzun gehien dauen arte eszenikoetako euskal konpainietako bat da, eta Les Commandos Percu taldeak bi hamarkada daroaz mundu osoko jaialdietan bere perkusino eta arte pirotekniko bereziakaz. Oraingoan, bat egin dabe ikuskizun zaratatsu eta ibiltari bategaz, Bilboko XVI. Kalealdiari amaierea emoteko.
Ikuskizunak 45 minutu inguruko iraupena dauka, eta joan-etorriko parte bat, eszenatoki gaineko parte finko bat eta eszenan dagozan 12 artistak desagertu egingo diran azken mobimentua jasoten ditu. Danbor talka / Le choc des tambours orain urtebete sortu eben, kalea bereganatzeko asmoz, ikus-entzuleakazko hartu-emonak erabatekoak diran formatu handiko ikuskizunagaz.
Obreak kulturen arteko talka eta alkar ulertzeko beharra irudikatzen dau, bi triburen bitartez. Hori guztia, alkarrekintzea hiru momentutan sustatzen dauen eszenaratze beroagaz: inbasinoa, topaketea eta desagerpena.
Inbasinoan, musikarien-artifizieroen bi konpainiek alkarregaz jo eta kalean aurrera egiten dabe, ikus-entzuleakaz nahastauta, euren tanborrakaz eta gertuko argiztapen eta piroteknia efektuakaz. Ibilbide osoan, geldialdiak egingo ditue, eta leku horreetan antzezleek ezusteak eskainiko ditue.
Bigarren partean, artistak Arenalean dagoan eszenatokira igon, eta bertan indartu egingo dira musikearen eta suaren arteko sinkronizazino efektu horreek. Ikuskizunak Garbitxuren eta Raymond Gabrielen musika eta zuzendaritza eszenikoa ditu, hurranez hurran.
Deabru Beltzak kaleko antzerki konpainia 1996an sortu eben Euskal Herriko zenbait talde profesionaletako hainbat antzezlek. Ordutik hamar ikuskizun atondu ditue, 2.000 emonaldi baino gehiago eskainiz eta mundu osoko 30 konpainia ingurugaz alkarlanean jardunez.
Nazinoartean oihartzun gehien dauen euskal konpainietako bat da. Taldeko perkusino joleak, komedianteak eta piroteknikoak musika ikuskizun ibiltariaren maisu dira, eta bere ikuskizunean tanborrak, efektu bereziak eta artikulautako txotxongiloak ikusiko doguz, adierazo dau Bilboko Udalak.
Les Commandos Percu taldeari jagokonez, ia 20 urte daroaz mundu osoko jaialdi batetik bestera, perkusino bitxiakaz eta material piroteknikoaren erabilera bereziagaz. Musikearen eta suaren arteko fusinoa da taldearen egitasmoen ardatz nagusia. Ikuskizunetan, aldi berean barria eta antxinakoa dan eta kultura eta genero guztiak zeharkatzeko gaitasuna dauen lengoaia asmetan dabe, azaldu dau.
Bilboko XVI. Kalealdiaren egitaraua hemen.