Aiko Taldeak, Euskal Herriko jantza tradizionalaren zabalkundea bultzatzen dauen musikari eta jantza maisu taldeak Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait herri bisitauko ditu garagarrilean, bost erromeria eta jantza tailer bat eskaintzeko. Iruñea, Berastegi, Errenteria, Markina-Xemein, Arrigorriaga eta Ispaster izango dira Aikok bisitauko dituan sei udalerriak, jantza tradizionala eta ospakizun herrikoiak berrindartzeko bokazinoari jarraituz.
San Fermin jaietan buru-belarri dagoan Iruñea zaharra izango da Dantzaldi Erromeria jasoko dauen lehenengoa, Taconera-Vistabellako euskera jardueren gune dan Oinez Txokoa gunean, gaueko 23:30etatik aurrera. Jantzaz gozetako aukerea izango da, jantza herrikoien koreografia tradizionalaren oinarriak ikasiz, guztia be, gozamen eta dibersino giroan, maisu eta musikari profesionalen gidaritzapean.
Barikuan, garagarrilaren 17an, Berastegiren txandea izango da. Oraingo honetan dobako jantza tailerra jasoko dau Udaletxeko Erabilera anitzeko aretoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Tailerra eskaini ondoren, erromeria egingo da herri berean, abuztuaren 9an, domekan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Herriko Plazan. Tailerra, erromerian egingo diran jantzak ikasteko edo hobetzeko dago antolatuta, eta Irune Arrizubieta jantza irakasle eta Aiko Taldeko kideak emongo dau. Tailer horretan parte hartzeko interesa daben personek informazino gehiago eskatu leikie bulegoa@aikotaldea.eus helbide elektronikoaren bitartez edo 634 423 539 telefono zenbakira deituz.
Hurrengo egunean, garagarrilaren 18an, Errenteriaren txandea izango da, beste jantzaldi bategaz, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zumardian. Ekimen horren bitartez, eta azken urteetan legez, Aiko Taldeak bat egin dau Ereintza Jantza Taldeak azken 14 urteotan Gipuzkoako herri horretan antolatzen dauen Erromeri Egunagaz.
Nafarroatik eta Gipuzkoatik igaro ondoren, Aikok Bizkaiko hainbat udalerritan eskainiko dituan beste hiru Jantzaldi Erromeriagaz osotuko dau garagarrileko programea. Markina-Xemeinen (domekan, garagarrilaren 19an, arratsaldeko 19:30ean, plazan), Arrigorriagan (astelehenean, garagarrilaren 20an, Herriko Plazan, 21:00etatik aurrera) eta Ispasterren (zapatuan, garagarrilaren 25ean, Santiago egunean, eguerdiko 13:00ean, Bizkaiko kostaldeko herrian Santu horri eskainita dagoan baseleizan).
Aiko Taldea musikari, koreografo eta jantza maisuz osotutako alkarte kulturala da, guztiak bokazino berdintsuagaz: modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta jantzan egitea eta pasino hori ahalik eta persona gehienei helarazotea da bere helburua.
Aiko Taldea, gure plazak erromeria bereziakaz girotzeaz gan, Euskal ondare tradizionala transmitiduteaz eta zabaltzeaz be arduratzen da, zaletuei edo eta profesionalei zuzendutako ikastaro, mintegi nahiz master class saioak antolatuz. Aikok bere metodologia propioa landu dau eta urritik bagilera bitartean hainbat herritan antolatzen dauen Dantzaldi Ibiltaria ekimenagaz, Euskal Herri osoko txokoetara heltzen da.
Egitaraua
- Garagarrilak 13, astelehena: Dantzaldi Erromeria (23:30). Oinez Txokoan, Takonera Parkean, Iruñean.
- Garagarrilak 17, barikua: Dantza Tailerra (19:00). Erabilera anitzetarako aretoan, Berastegiko Udala.
- Garagarrilak 18, zapatua: Dantzaldi Erromeria (18:00). Alameda, Errenterian.
- Garagarrilak 19, domekea: Dantzaldi Erromeria (19:30). Markina-Xemeingo plazan.
- Garagarrilak 20, astelehena: Dantzaldi Erromeria (21:00). Herriko Plaza, Arrigorriagan.
- Garagarrilak 25, zapatua: Dantzaldi Erromeria (13:00). Santiago baseleizan, Ispasterren.