Augustin Zubikarai Nobelak sortzeko bekea abian da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 9a, 00:00

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kulturea aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatu dabe, nobelak sortzeko beka lez funtzionauko dauena.

Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkeztu daitekez, jatorrizkoak eta euskeraz sortuak, beste inondik moldatu bakoak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez diranak.

Beka hau behin irabazten dauenak ezingo dau barriro parte hartu.

Parte-hartzaile bakotxak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, e-postaz atxikitako dokumentuetan:

a) Landu nahi dauen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki eretxitako ezaugarriak zehaztuz, besteak beste, argumentua, egiturea, luzerea, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osotzen dauena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua (Egileei buruzko informazinoa Udalak gordeko dau erabagia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dabe jakingo horreen barri).

Kontuak kontu, proiektuak, 2015eko irailaren 30era arte bialdu daitez helbide honetara: mrey@ondarroakoudala.net

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osotutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta horreen arteko bat izentauko dau irabazle 2015eko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar ainako kalidaderik ez dabela ebatzi ezkero, bekea emon barik itxi leike epaimahaiak.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko deutso irabazleari era honetara: bekearen diru-kopuruaren erdia, irabazle izentau ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregau eta epaimahaikoek onespena emondakoan.

Irabazleak, izentapena jaso eta urtebeteko epea izango dau, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazoteko. Luzerea aldez aurretik zehazten gatxa bada be, liburua osotzeko beste izan beharko dau: 150.000 karaktere gitxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango baleu, epaimahaikoei jakinarazo beharko deutse aldaketearen barri eta hareen onespena jaso. Horrezaz gan, lanaren martxaz jakinaren gainean eukiko ditu antolatzaileak.

Idazleak bere lana entregauko ez baleu, edo idazlan horren izaera eta kalidadea, epaimahaikoen eretxiz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko dau jasotako dirua.

Diru-laguntzinoa jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren be, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko dau idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko deutsoz egileari. Epaimahaiak onespena emoten dauenetik hiru hilebeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekearen aitamena egingo da nahitaez.

Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat emotea dakar. Horreen ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei jagoke erabagitea.

 

Osorik irakurri