Orain arte, Euskal Autonomi Erkidegoak bi hizkuntzetan bialdutako testuak gaztelaniaz bakarrik agertzen ziran BOE-EAOn. Orain, barriz, Estaduko Aldizkari Ofiziala elebiduna izango da argitalpen horreetan. Eusko Jaurlaritzeak eta Gobernu zentralak Estaduko eta Euskadiko aldizkari ofizialen arteko harremanen inguruan egozan zenbait arazo gainditu ditue eta akordioaren ondorioz, besteak beste, BOEk bere orrialdeak zabaldu deutsoz euskereari, eta EAEtik Estaduko buletin ofizialera bialdutako testuak euskeraz be argitaratuko dira.
Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez, akordioak bermatuko dau Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkaria ez izatea Boletin Oficial del Estado horren menpeko, baliokide baino. Hain zuzen be, asmoa zan administrazino autonomiko guztien komunikazino ofizial eta jakinarazpenak, baliozkoak izatea gura izan ezkero, derrigorrez BOEn be argitaratu behar izatea. Akordioaren arabera, jakinarazpen horreek EHAAn argitaratuko dira, eta esteka edo lotura digital baten bitartez agertuko dira BOEn be.
Era berean, Espainiako Gobernuak ontzat emon dau katastroari eta zerga-batzeari jagokozan prozeduren inguruko eskumenak foru aldundienak dirala eta, beraz, erakunde horreek erabagi behar dabela zelan argitaratu lurralde desbardinetako aldizkari ofizialetan. Aurrerantzean, ganera, posible izan leiteke, holan adostu ezkero, foru jakinarazpenak be esteka bitartez azaltzea BOEn.