Mozorrotuta eguzkiaren kontra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko uzt. 10a, 00:00

Ganezka dagoan Sanyako hondartzan atentadu terrorista bat antolatzen dagozala emoten dau begiratu baten. Izan be, persona talde bat arpegia estalita agiri dira. Ganera, poltsa susmagarriak daroez eta bildur barik aurrera doaz puzgarri, eskuoihal eta eta bestelako osogai batzuekaz harea alerik ia ikusi be egiten ez dan lekuan tartetxu baten bila. Zorionez, bildur izateko motiborik ez dago. Gure ingurura hurreratzen diranean, berehala jaubetuko gara berrogeitaka urteko andra talde bat baino ez dala Txina hegoaldeko paradisu tropikal honetan, hondartzetan moda-modan dagoan facekinia jantzita.

Badakit bildur apur bat emoten dauela baina edozeinen moduan disfrutau gura dogu hondartzan baltzitu barik adierazo dau barreka eguzkiaren kontra babesteko arrosa koloreko facekinia aukeratu dauen Liu abizeneko emakume batek. Mendebaldean kontraesana izan daiteke baina horixe da topau daben konponbiderik onena aisialdirako jarduera arrotza dinastia zaharrenetatik datorren tokiko edertasun kanon edo arauagaz buztartzeko. Eta praktikotasunaren eta erridikuluaren artean dagoan erropa edota buru-berogarri hori ez da kostaldean bakarrik erabilten, izan be, apurka-apurka haize zabaleko leku turistiko gehienetan ikusten da, tenplo budistetan zein Harresi Handian. Holan ez dogu leku guztietara euritakoagaz edo guardasolagaz joan beharrik.

Liu and.ak naturaltasun osoz berba egiten dau bere ustez oso arrunta dan gauza batez baina aurrez aurre facekinia jantzita daroen batzuekaz topo egin ezkero, galdera bat etorriko jaku burura: nori otu jako facekinia? Erantzuna da hamaika bat urte bainu-jantziak eta pareoak saltzen daroazan Zhang Shifan diseinatzaileari, kostako Qingdao urian bizi danari, hain zuzen be. Gure produktu salduenen artean dago uretan medusen bildur barik sartzeko babesa dauen bainujantzi berezia baina medusek kalte handiak egin eutsiezan lagun batzuei arpegian eta sama bueltan eta horregaitik diseinau neban arpegia babesteko nylonezko maskara berezi hori adierazo dau.

Halan da be, bezeroen erantzun onaren arrazoia da jenteak, batez be, emakumeek eguzkiaren kontrako babes neurritzat hartu dabela, medusen kontrako babesaren aukerea baztertuz. Emakume batzuk eguzkiaren izpi kaltegarriez babesteko erabilten hasi ziran pentsaurik egungo ohiko kremak ez dirala nahikoa eta kanpoko kazetariek facekini izena jarri eutsien. Beraz, aukera hori indartu eta produktuaren bigarren belaunaldian kolore desbardinak, alaiagoak erabilten hasi nintzan. Estrategia sano arrakastatsua izan zan, asko saldu genduan eta ia komunikabide gehienetan argitaratu eben barria. Hondartzan erabilteko aproposa zalakoan, gaur egun nekazari eta arrantzaleek be erabilten dabe arroza ereiten edota arrainen zain dagozan bitartean eta betiko kapela hegal-zabalak baztertu egin ditue. Dagoeneko ez daukat arpegiko erreduren bildurrik adierazo dau Su abizeneko nekazariak.

Facekiniaren arrakastea upealakoa izan da eta horren erakusgarri Qingdaoko dendan ez eze, Zhang Shifan diseinatzaileak beste hiru denda zabaldu ditu Taobaon, herrialdeko merkataritza elektronikoaren plataforma nagusienean, hain zuzen be. Hilean mila facekini saltzen ditu plataforma horretan baina askoz gehiago izan eitekezan, izan be, orain arte idea patentau barik egon da eta kopia faltsuak edonon eskuratzen ziran. Ganera, Zhang diseinatzailea eztabaida sutsuan dabil buru-belarri buru-berokiaren egiletzearen auzian. Ugerketa talde bat dago idea ostuteko prest, orain hilda dagoan taldekideetako bat izan zala facekiniaren sortzailea arrazoituz azaldu dau hasarre. Halan da be, ez dabe sekula diseinurik aurkeztu eta nik urteak daroadaz mundu honetan. Uste dot estrategia hutsa izan dala ugerketa talde horri propaganda apur bat egitearren salatu dau.

Kontuak kontu, Zhangek patentau egin dau idea eta bilduma barria copyrightagaz babestuta dator. Duda barik, txinatar ezaugarri gehien dituan modeloa da oraintsu aurkeztu dauena, izan be, estanpatu gehiago sartu ditu eta facekinietan Pekineko opera tradizionaleko maskarak be irudikatu ditualako. XVIII. mendeko personaia horreen arpegiereak mehatxuzkoak dira, kopeta ilun eta keinu gogorrakaz baina Zahng and.ak uste dau hondartzetan nahikoa dotore agertuko dirala eta ez dabela txarto emongo. Batzuek esan eustien moduan, Mickey Mouse edo Donald Ahatea jartea baino ederragoa dala uste dot. Facekinia txinatar erropea, txinatarren bereizgarri izatea gura dot azaldu dau.

Baina pozarren dago diseinatzailea facekiniak Itsaso Barea zeharkatu eta AEBetan be nahikoa erantzun ona izan dauelako. Hiru kontinentetan egin ditu erakusketak eta Vogue aldizkariko zuzendari ohi eta CR Fashion Boook argitalpenaren sortzaile Carine Roitfeldek facekinien ganeko erreportaje zabala argitaratu dau. Sekula ez neban pentsauko erantzuna hain zabala eta ona izango zanik baina pozten naz, jakina. Izan be, negozioa oso ondo doa eta Zhang Txinatik kanpora be salto egiteko aukerea aztertzen dago. Kalidadea da gure ardura nagusienetakoa eta ganera prezio merkeak ezartzen doguz, 18,5 yuan (2,7 euro) modelo merkeenak eta 35 yuan (5,22 euro) diseinu bereziak, betaurrekoakaz be erabilteko modukoak. Ez nau harritzen bezero atzerritarrek Aliexpressen bitartez, Alibabab merkataritza elektronikoaren erraldoiaren nazinoarteko adarraren bitartez erostea nire erropak. Gure hondartzetan be ikusiko ete doguz facekiniak???

Osorik irakurri