Zinemearen alde ilunena gustuko dabenek hitzordu garrantzitsua izango dabe garagarrilaren 17an, barikuan, Bermeon, izan be, Postapokalipsia lemapean bertan izango da Gorefest, Bermeoko Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemaldiaren 15. edizinoa.
Mundu guztiko film laburrak eta zinema alternatiboa izango dira ikusgai Spookypheria Productions alkarteak Bermeoko Udalaren laguntzinoagaz antolatutako XV. Gorefest jaialdian. Aurreko edizinoetan legez, terroreagaz, goreagaz, suspenseagaz eta umore onagaz gozetako aukerea izango dabe bertaratzen diran persona guztiek. Sarrerea 3 euro izango da.
Kontuak kontu, Gorefest 2015 garagarrilaren 17an, barikuan, iluntzeko 20:30ean hasiko da Nestor Basterretxea aretoan, munduko hainbat lekutatik jasotako bederatzi film laburren emonaldiagaz. Ondoren, Choose Your Own Adventure film luzeen maratoia ikusteko aukerea izango dabe bertaratzen diranek.
Spookypheria Productions alkarteak azaldu dauenez, animazino aktoreek be parte hartuko dabe Bermeoko kaleetan arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bermeon giro postapokaliptikoa sortuz. Horrezaz gan, kalean umeak makilletako be mahai bat jarriko dabe.
Spookypheria Productions alkarteak zinema mueta hau gustuko dabenei eta zinemazale guztiei Gorefest jaialdian parte hartzera konbidau deutse.